Galfetti, Aurelio
Suitzar arkitektoa (Lugano, 1936). Arkitekturako ikasketak egin zituen eta 1954. urtean lortu zuen doktoregoa, bere sorterriko Liceo Cantonalen. 1956an arkitekturako praktikak egiten hasi zen T. Carloni arkitektoaren estudioan, harik eta 1960. urtean bere estudioa zabaldu zuen arte. Hurrengo urteetan (1962-1974) F. Ruchart eta Trümpy arkitektoekin lan egin zuen, 1970-1974 bitartean L. Vacchinirekin, eta 1970-1978 artean, berriz, M. Botta, R. Tami eta L. Snozzirekin. 1976an beste estudio bat zabaldu zuen Bellinzonan. Federazione degli Architetti Svizzeri eta Bund Deutscher Architekten elkargoetako kide egin zuten urte hartan bertan. 1980 eta 1988 bitarteko urteetan nazioarteko hainbat lehiaketatan parte hartu zuen: Parisko lehiaketan, bertako Operaren egoitza berriaren proiektuarekin (1983), Salzburgokoan, Vienakoan, Milangoan, Regensburgekoan, Marseillakoan eta Montpellierrekoan. Hitzaldiak eman ditu Europako hainbat hiritan (Milan, Paris, Munich, Darmstadt, Bartzelona, Zurich, Lausana, Genoa…) eta ospe handia lortu du hizlari gisa. Bere arkitektura lanetan aipagarriak dira Riva San Vitalen egindako eskola bat (1962-1965) eta etxe bat (1965-1966); Bellinzonako igerilekua (1967-1970); etxebizitzen eraikina, Biascan (1971). Berrikuntza proiektu ugari ere egin ditu: etxe pribatu bat, Bedanon (1963); Santa Croce eliza, Riva San Vitalen (1972-1975); Santa Maria eliza, Maggian (1976-1977); Prato Leventinako hilerria, kapera, santutegia (1978-1982), etab.