Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

galego

iz. Sin. galiziera. Galiziarren hizkuntza. v Historia. Hizkuntza erromaniko guztiak bezala, latin arruntetik sortutakoa da galegoa. XV. mendea arte, hizkuntza bat bera ziren galegoa eta portugesa (galego-portugesa), eta Erdi Aroko literatura hizkuntza nagusia izan zen Iberiar Penintsulan. Galizia eta Portugal banatu zirenean portugesak bere bideari jarraitu zion, baina galegoa galduz joan zen Gaztelaren eraginpean, eta Galiziako herritar xeheen ahotan baino ez zuen iraun bizirik. Atzentze horrek hizkuntza pobre, finkotasun gabe eta zaharkitu bihurtu zuen galegoa. Mende “ilun” batzuen ondoren, XIX. mendean, galegoari buruzko ikuspegia aldatzen hasi zen, Galiziako intelektual eta idazle batzuen jakinminari eta bultzadari esker. 1905. urtean Galegoaren Errege Akademia sortu zen, eta 1950. urtetik aurrera Unibertsitateak ere esku hartu zuten galegoaren berreskurapenean. 1980. urtetik aurrera, eta gaztelaniarekin batera, Galiziako Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofiziala da galegoa. v Galegoaren fonetika arkaikoa da eta, hizkuntza erromantzeen artean, latinetik hurbilen dagoena. Fonetika eta morfologiari dagokionez, alde nabarmena dago galegoaren eta portugesaren artean, baina sintaxia oso antzekoa dute biek. Galiziarren % 70 mintzazen da galegoz, eta Galiziarekin muga egiten duten lurraldeetan ere hitz egiten da; badago alderik ahoskeran eskualde batetik bestera, eta hiru joera daude hizkuntza idatziari dagokionez. v Literatura. XIII. mende bitarteko aldi ezezagun samar bati XIV. mendearen erdialderaino iraun zuen beste aro aberats bat jarraitu zitzaion, cancioneiro edo abesti eta poesia bildumen bidez, amodioaren gorabeherak eta gai satirikoak jorratzen zituzten lanena alegia: Cancioneiro Colocci-Brancuti, Cancioneiro da Ajuda eta Cancioneiro da Vaticana. Horiez gainera, aipatzekoa da Alfontso X.a Gaztelakoaren Libro de las cantigas de santa Maria ere. XV. mendearen erdialdetik aurrera gainbehera egin zuen galego-portugesezko literaturak; bien bitartean portugesak bere bideari ekin zion eta, obraren bat edo beste kenduta (Baenako cancioneiroa, 1455. urte aldera), galegoa ez zen literatura idatzian ia erabili; ahozko literatura, berriz, oso aberatsa izan zuen. XIX. mendean galegoarekiko jakinmina piztu zen Galiziako intelektualengan (erromantizismoa izan zen horretara bultzatu zituen arrazoietako bat); Nicomedes Pastor Díaz poetaren A alborada (1828) hartzen da galegozko literatura modernoaren lehen obratzat. 1850. urtetik aurrera Galiziako kulturaren berpizkunde aroa hasi zen, Rexurdimento deitua, Rosalía de Castro, Eduardo Pondal eta Manuel Curros Enríquez idazleekin. Rosalía de Castro (1837-1885) poetarekin hasi zen, bada, benetako berpizkundea eta hura hartzen da galegozko literaturaren idazle nagusitzat; bere obran herria eta herritarrekiko maitasuna erakutsi zuen Rosalíak, eta inork baino hobeto adierazi zuen Galiziako nekazarien bizimodu latza: Cantares gallegos (1863), Follas novas (1880). Eduardo Pondal-ek Galiziaren iragan zelta eta mitologia gaiak landu zituen (Queixumes dos pinos, 1886), eta Manuel Curros Enríquez poetak jauntxoak kritikatu eta herriaren askatasuna aldarrikatu zuen (Aires da Miña terra, 1880). Galegozko hitz lauzko literatura, poesiaren aldean, berandu sortu zen, Antonio López Ferreriroren eleberri historikoekin (O castelo de Pambre, 1895). Galegozko literaturaren berrikuntza, ordea, Nós aldizkariaren (1918-36) inguruko belaunaldiarekin iritsi zen; guztien artean Alfonso Rodríguez Castelao (1886-1950) idazle eta marrazkilaria nabarmendu zen bere hitz lauzko lanekin (Retrincos, 1934; Os dous de sempre, 1934), saiaerekin (Sempre en Galiza, 1944; As cruces de pedra na Galiza, 1950) eta antzerkiekin (Os vellos no deben de namorarse, 1941). Vicente Risco izan zen belaunaldi horren beste gidarietako bat (O porco de pe, 1928). Ramón Otero Pedrayo historialari eta artikulugileak ere obra ugari idatzi zuen (Os camiños da vida, 1928). Nós aldizkariak galegoa literaturaren eta zientziaren alor guztietara hedatzea lortu zuen. Poesia landu zuten, modernismora hurbilduz, Antonio Noriega Varela-k eta Ramón Cabanillas-ek; abangoardiako joeratara lerratu ziren Luis Amado Carballo, eta Manuel Antoni; “trobadore berri”-en artean, aipatzekoak dira Fermín Bouza Brey poeta eta Alvaro Cunqueiro (1911-1981); Cunqueirok literatura genero guztiak eta Erdi Aroko gaiak, bereziki, landu zituen (Cantiga nova que se chama Riveira, 1933; Poemas do sí e de non, 1933). Espainiako Gerra Zibilak (1936-39), baina, eten egin zuen litaraturaren loratzea, eta Buenos Aires izan zen garai hartako kulturaren hiriburua. 1946. urtetik aurrea zenbait liburu argitaratu ziren; Galaxia argitaletxeak (1950) lan handia egin zuen galdutako urteak berreskuratzeko. Garai hartako idazleak dira, beste askoren artean, Alvaro Cunqueiro, Anxel Fole ipuinlaria, Eduardo Blanco olkerkari eta kontalaria, Celso Emilio Ferreiro gizarte gaietako poeta eta Luis Pimentel. Gerra ondoko lehen belaunaldiak ere ekarpen handiak egin ditu galegozko literaturaren normalizaziorako. Uxío Novoneira (Os Eidos, 1955) eta Bernardino Graña (Profecía do mar, 1966) poetak, Xoxé Luis Méndez Ferrín poeta eta kontalaria (Con pólvora e magnolias, 1976; Amor de Artur, 1982), Carlos Casares eta Alfredo Conde kontalariak dira egile garrantzitsuenetako batzuk.