galdegai
iz. Gram. Perpaus batean, berri den edo azpimarratu nahi den zerbait jakinarazten duen atala. v Hizkl. Aitak ekarri ditu sagarrak esatean, aitak da galdegaia (galdera Nork ekarri ditu sagarrak? bada); Sagarrak ekarri ditu aitak perpausean, berriz, sagarrak da (galdera Zer ekarri du aitak? bada). Galdegaiaren legea perpaus laburretan eta elkarrizketetan betetzen da batez ere, galdera-erantzunetan alegia. Kontaketetan, berriz, hurrenkera askeagoa da eta ez dago lege edo gramatika arau esturik. Hala ere, kontaketetan informazio berria emateko eta azpimarratzeko hitzen hurrenkera eta hurrenkera arruntaren aldaketak oso garrantzitsuak izaten dira. Galdera-erantzunezko perpausetan galdetzailea bera izaten da galdegaia: Zer edango duzu? Ardo beltza edango dut. Galdegaia aditzaren aurrean jarri ohi da, eta aditzarekin batera unitate foniko bat osatzen du; beraz, ez da nahikoa aditzaren aurreko lekuan egotea galdegaia izateko, ahoskatzerakoan aditzarekin batera eman behar baita. Aditza bera denean galdegaia, zenbait euskalkitan egin aditza tartekatzen da aditzaren eta laguntzailearen artean (Zer gertatu zaio? Hil egin da.), eta aditzaren baiezkotasuna edo ezezkotasuna baldin bada, ba- aurrizkia (aditz trinkoetan) eta ez partikula (guztietan) erabiltzen dira. ik. mintzagai.