fotografia
iz. Gainalde sentiberetan, argiaren eraginez, gauzakien irudiak ezartzeko teknika. v Historia. Kutxa iluna, Erdi Aroaren azken aldian ezaguna zena, 1550ean hobetu zuen Cardanek argiarentzako zuen zuloa handitu eta aurrealdean lente bat jarriz. Garai hartan, argiak zilar kloruro urtua beztu egiten zuela ohartu ziren alkimistak. Beraz, fotografiaren oinarrizko bi printzipioak ezagunak ziren, baina ez zituzten elkarrekin lotu geroago arte. Niepcek egin zituen lehendabizikoz gauzen argazkiak 1827an. Aurreneko argazki haiek lortzeko zortzi orduko esposizioa behar izaten zen. Niepce eta Daguerreren arteko elkar lanak 1837an eman zuen bere emaitza: dagerrotipoa. Horrekin fotografia modernoaren oinarrizko ezaugarriak finkatu ziren. Hala ere W. H. Fox Talbot hartzen da egungo fotografiaren asmatzailetzat 1841ean egindako lanagatik. Horrek kutxa baten barruan argiarentzako sentibera den papera jarriz negatiboa lortu zuen, eta hartatik positiboa papereratu. Kolorezko fotografia 1861eko asmakizuna da; James Clerk Maxwell-i zor zaio. Dena den, 1935a arte ez zen hedatu, kolorezko filmak egin ziren arte, hain zuzen. v Fotografia egiteko urratsok eman behar dira, hurrenez hurren: 1. Negatiboa argitara jarri; 2. Errebelatu: esposizioaldian hartutako irudia negatiboan ikusi ahal izateko; 3. Finkatu, irudia gal ez dadin; 4. Papereratu: negatibotik irudi positiboa edo kopia lortzen da.