Forman, Milos
(Jaiotza izena, Tomas Jan). Estatubatuar zinema zuzendaria, txekiarra jaiotzez (Zaslav, 1932). Egin zuen aurrenetako film batek, Ile-hori baten amodioak (1965), arrakasta handia izan zuen; Txekoslovakiako erdimailako jendearen bizitza aski tristea adierazten du film horretan. Hollywoodera joanda, Taking off egin zuen (1971), Estatu Batuetako gizarte “askeaz” komedia barregarria. Kuku habiaren gainetik hegan (1976) egin zuen, erietxe psikiatrikoak kritikatzen zituena. Mozarten bizitzaz Amadeus (1984) egin zuen, zortzi Oscar irabazi zituena. Valmont (1989, Jean-Claude Carrèrek idatzia) filma egin ondoren, politikan sartu zen buru-belarri, bere jaioterrian, Václav Havel lehendakariari laguntzen. Egin dituen azken filmetan Larry Flinten eskandalua (1996) du aipagarriena.