formaldehido
iz. Kim. H—CHO formula duen aldehido alifatikoa. Aldehido formiko eta metanal izenez ere ezagutzen da. Inguruko tenperaturan gas egoeran agertzen da (irakite tenperatura -21° C). Izadian ez da aurkitzen; metanoa edo metanola oxidatuz lortzen da industrian. Uretan ongi urtzen denez, horrela saltzen da (formola). Gasak oso usain oka-eragilea du eta pozoitsua da oso. Oso erraz konbinatzen da beste osagai kimiko batzuekin, polimeroak eratuz, eta horrela, adibidez, oso ezagunak dira fenolekin, urearekin eta aminekin eratzen dituen plastikoak (erretxina fenolikoak, ureikoak eta melaminikoak). Hori dela eta asko erabiltzen da industrian. Hala ere formaldehidoa eta formaldehido ekaia daukaten gaiak pozoitsuak dira eta arreta berezia izan behar dute horiekin lan egiten dutenek.