Finlandia
edo Suomi. (Izen ofiziala, Finlandiako Errepublika/Suomiko Errepublika; Suomieraz, Suomi edo Suomen Tasavalta). Europako iparraldeko estatua. Mugak: ekialdean, Errusiako errepublika (Karelia suomiarra eta Errusia); iparraldean, Norvegia; ipar-mendebaldean, Suedia; eta hego-mendebaldean eta hegoaldean, Itsaso Baltikoa. Aland uharteak ere Finlandiarenak dira. 338.145 km2. eta 5.300.000 biztanle (2007, finlandiarrak): finlandiarrak, % 93,6; suediarrak, 6,1; laponiarrak eta beste, % 0,3. Dirua: euroa. Hiriburua: Helsinki. Hiri nagusiak: Hämeenlinna, Imatra, Joensuu, Jyväskylä, Karhula, Kemi, Kotka, Kuopio, Lahti, Lappeenranta, Oulu, Pori, Rovaniemi, Tampere, Turku, Vaasa. Hizkuntzak: finlandiera (% 92,4) eta suediera (% 7,4). Erlijioa: luteranoak (% 93) eta ortodoxo grekoak (% 1,6). Finlandiako Errepublika 11 lään edo konderritan dago banatua, eta bada probintzia autonomo bat ere. Eskualde bakoitzak bere gobernaria du. v Orografia eta klima. Ia Finlandia osoa granitozko ordokia da, Kuaternarioko glaziarrez osatua. Batez besteko goratasuna 400 metrokoa da, eta Iparreko muturrean bakarrik da garaiagoa; Eskandinaviako katean Haltiatunturi mendia da gorena (1.324 m). Oso ugariak dira aintzirak (60.000tik gora) hegoaldean batez ere, eta lurraldearen hamarren bat hartzen dute: beren artean lotuta daude, era horretan itsasontzietarako sare egokia osatuz. Ibaiak laburrak eta azkarrak dira, jauziz beteak, eta horregatik ez dira egokiak ontziz ibiltzeko. Itsasertza sartu-irten askokoa da, eta uhartez betea. Finlandia oso latitute garaian dagoenez, klima oso gogorra du, baina hego-mendebaleko haizeek xamurtzen dute. Uda laburra da, negua luzea eta gogorra. Tenperatura Helsinkin batez beste neguan -8° C-koa da eta uztailean 16,9° C-koa. Elurrak estaltzen du lurra urtearen heren batean eta sarri Botnia eta Finlandiako golkoak izotzak hartzen ditu. Landareak: basoak hartzen ditu ia lurraldearen bi herenak: pinuak eta urkiak iparrean eta erdialdean eta hosto galkorrekoak (haritzak, zumarrak) Finlandiako golkoaren inguruetan. Inari aintzirako iparrean hasten da tundra. ■ Biztanleak. Finlandiak du Europako biztanle dentsitate apalenetakoa (15 bizt./km2). Biztanle gehienak, bi heren, hegoaldean bizi da, Botniako eta Finlandiako golkoen kostaldean, klima gozoagoa baita han. % 60 hirietan bizi da. Bada talde suediar bat, ez handia (% 6), baina bai garrantzitsua, nahiz eta murrizten ari den azken aldi honetan; bere alderdi politikoa, bere eskolak eta bere erakunde bereziak ditu. Iparraldean lapoiak bizi dira; 6.500 bat dira, eta horietatik 2.500 inguru dira sedentarioak. Gehienak Suedia, Norvegia eta Errusia inguratzen duten eskualdeetan bizi dira. Elur-oreinaren hazkundea –horixe da diru sarrerarik garrantzitsuena lapoien % 40rentzat–, arrantza, ehiza, eskulanak eta turismoa dira lapoien baliabide nagusiak. ■ Finlandia, Eskandinaviako beste herrialdeak bezala, oso aurretua izan da gizarte legerian. Munduko herrialde aurrenetako bat izan zen zortzi orduko lan-eguna, opor ordainduak, zahartzaroko pentsioak, eritasun, bizitza eta alarguntza aseguruak ezartzen, eta emakumeen eta haurren eskubideak babesten. 1906. urtean onartu zen Finlandian sufragio unibertsala. Kooperatibetan oinarrituriko ekonomia, zeinetan lana eta sariak modu berean banatzen baitiren, garrantzi handikoa da finlandiar gizartean. ■ Ekonomia. Herri industrializatuen ezaugarri guztiak ditu Finlandiak: 1995ean, nekazaritzak NPGren % 4 hartzen zuen, industriak % 31, eta zerbitzuek % 65; era berean, zerbitzuetan lan egiten zuten langile aktibo gehienek (% 64). Barne eskaria ez da handia, baina finlandiarren bizi maila garaia da. Eskandinaviar eredu soziala, nolanahi ere, zerbait hondatu da azken urteotan, nahiz eta langabeziaren hazkundearen ondorioak (% 14,7 1997. urtean), oraingoz, estatuak moteldu dituen. Izan ere, ekonomia hazkundearen aldi luzeak eten gogorra izan du 1990eko hamarraldiaren hasieran: enpresa askok kiebra jo zuten, berregituratze politika neurriak hartu ziren, eta langabeziak gora egin zuen. Sobiet Batasunaren desagerpenak, Finlandiaren merkataritza kide garrantzitsua baitzen, egoera larriagotu baino ez zuen egin. Paavo Lipponenen gobernu sozial-demokratak (1995ean aukeratua), politika zorrotza aplikatu zuen, aski eraginkorra suertatu dena: nazio zorra murriztu zuen, orobat gutxitu zuen defizit publikoa (1993. urtean, BPGren % 13,4), eta bere alde izan zituen beste hazkunde aldi bat (% 3,6 1996an) eta inflazio ahula (% 1,2 1998. urtean). Europako Batasunaren eta Europako Diru Sistemaren kide egin ondoren, 1995ean eta 1996an hurrenez hurren, Finlandiak esku hartu zuen Ekonomia eta Diru Batasunaren hirugarren aldian, 1999an. ■ Nekazaritzaren pisuak behera egin du Finlandiako ekonomian. 1960ko hamarraldian laborantzak eta basoko lanek langileen % 36 hartzen zuten; 1990eko hamarraldiaren hasieran, % 6ra jaitsi zen kopuru hori. Nolanahi ere, basoak oraindik ere baliabide garrantzitsua dira Finlandian. Zurgintza pisuzko langintza da: Finlandia da Europako Mendebaldeko herrialdeen zur eta paper hornitzaile nagusietako bat. Mineral hobiak badira, baina ez dago ez ikatzik ez petroliorik. Industriako langile gehienak zurgintza, papergintza, inprenta eta argitaletxeetan dihardute; % 36, metalgintza, makineria eta garraio hornigaien industrian ari da; eta gainerakoak kimikagintza, ehungintza, tabako eta eligai industrietan daude enplegatuak. Industria gehienak Helsinkin, kostaldeko beste hirietan eta hegoaldeko lehorretako hirietan daude. Finlandia atzerriko merkataritzaren mende dago petrolio, ikatz, elikagai, garraio eta beste zenbait gairi dagokionez. Alemania, Suedia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Japonia dira Finlandiaren merkataritza kide nagusiak. ■ Sobiet Batasuna desagertu ondoren, Finlandia eta Errusia harremanak berregiten saiatu ziren (1992). Finlandiak bere ekonomia joerak berregituratu zituen, eta lotura berriak sortu zituen sobiet errepublika ohiekin. Baina gehiago jo zuen Europa aldera, eta 1992ko martxoan, Europako Ekonomia Elkartean sartzea eskatu zuen. 1994ko maiatzean, Europako Legebiltzarrak Europako Batasuneko kide gisa onartu zuen Finlandia, eta 1995eko urtarriletik aurrera izan zen eraginkorra onespen hori. Europako Iparraldeko herrialde “eurozaleena” gisa hartzen da Finlandia, eta, era berean, NATOko kide izateko lehen urratsak egin ditu, bere usadiozko neutraltasuna baztertuz. v Hizkuntza. Finlandiera edo suomi-a Uraletako hizkuntzen adarra den fino-ugriarren taldeko hizkuntza da, eta Finlandian hitz egiten da. XIX. mendearen hasieran, finlandierak ez zuen izaera ofizialik, eta suediera erabiltzen zen irakaskuntzan, administrazioan eta literaturan. 1835ean Kalavela poema epiko nazionala argitaratu zen, Finlandiako ohituretan oinarritutakoa. Horren inguruan finlandieraren aldeko giro abertzalea sortu zen, eta pixkanaka gobernuko, irakaskuntzako eta literaturako hizkuntza bilakatu zen. 1863an ofizial bihurtu zen. Fino-ugriarren hizkuntzen barruan finlandiera baltiko-finiar saileko hizkuntza da, eta harreman estuak ditu estoniera, livoniera, votikoa, kareliera, vepera eta ingriarrarekin. Hiztegian hitz asko hartuak ditu hizkuntza indoeuroparretatik, batez ere Baltikoko hizkuntzetatik, alemanieratik eta errusieratik. Idatzizko tradizioa XVI. mendean hasi zen, Mikael Agricola apezpikuak Testamentu Berria finlandierara itzuli zuenean. v Literatura. Finlandiako literatura finlandieraz, suedieraz eta Erdi Aroko latineraz idatzita dago. Finlandierazko lan zaharrenak XVIII. mendea arte ahoz aho gorde ziren. Poema gehienak epikoak ziren eta abesti motzetan gordeak. Zati horiek Kalevala poema epiko luzean jaso zituen Elias Lönnrot biltzaileak 1849an. XIX. mendearen bukaeran suedieraz idatzitako lanak ugaritu ziren Finlandian (Josef Julius Weeksell eta Karl August Tavaststjerna). Finlandieraz idatzitako literaturari hasiera eman zion Mikael Agricolak Testamentu Berriaren itzultzaileak (1642). 1870. urtean argitaratu zen finlandierazko lehenengo eleberria: Aleksis Kivi-ren Seitsemän veljestä (Zazpi anaia). Kivi berak eta zenbait poetak herri abestien estiloa erabili zuten beren poesietan. Norvegiako eta Frantziako idazleen eraginez errealisoa eta kritika soziala Finlandiara iritsi ziren XX. mendearen hasieran (Minna Canth antzerki idazlea, Juhani Aho eta Järneflet eleberrigileak, Eino Leino poeta). Idazle askok egin zituzten “ohiturazko erretratuak”, baina 1918an gerra zibilaren ondoren kritikarako zaletasuna, satira eta herri giroaren kontrako kritika zorrotzak areagotu ziren. 1920. urtearen inguruan idazle gazteen taldea sortu zen, taldeari Tulenkantajat (Zuzi eramaileak) izena eman zioten, eta Europan erabiltzen ziren forma berriak ekarri nahi izan zituzten Finlandiara (bertso librea, gai exotikoak…). Volter Kilpi-ren eleberria Alastalon salissa (1933) hurbil dago Marcel Prousten eta James Joyce-ren kontaera tekniketatik. 1936an idazle ezkertiarren talde bat eratu zen (Kiila). 1950. urtea oso aberatsa izan zen poesian (Helvi Juvonen, Eeva-Liisa Manner, Tuomas Anhava, Pentti Holappa…) eta prosan (Eila Pennanen eta Eeva Joenpelto). 1960. urte inguruan poetek gai sozialak eta politikoak landu zituzten (Pentti Saarikoski, Matti Rossi, Anselm Hollo…). Antzerki lan garrantzitsua da Arvo Saloren Lapualaisoopera (1966), Finlandiako faxisten mugimendua aztertzen duen opera musikala. ■ Historia. Finlandiako lehenengo giza aztarnak K.a. 7200 urtekoak dira, jatorri fino-ugriarrekoak. Baltikoko finlandiarrek Finlandiara egindako emigrazioa Kristau Aroaren hasieran kokatzen da. XII. mendean Suediako erregeak eta Uppsalako apezpikuak Finlandiaren kontrako “gurutzada” egin zuten, eta 1323rako suediarrek elkartuak zituzten Tavastia eta Karelia; 1634ean Finlandia erabat bereganatua zuen Suediako erreinuak. Suediak indarra galdu ahala, Finlandia Errusiaren eraginpean geratu zen. 1808an Errusiako Alexander I.goak Finlandia hartu zuen, eta 1809an Finlandia Errusiaren barruan geratu zen. Garai horretan indartu zen Finlandiako abertzaletasuna. Errusiarrek japoniarren kontrako gerra galdu zuten (1905) eta Lehen Mundu Gerrak eta Errusiako Iraultzak bide eman zioten Finlandiari independentzia deklaratzeko 1917ko abenduaren 6an. Errusiak 1939an zenbait lurralde eskatu zizkion Finlandiari, eta ezezkoa hartu zuenean, sobietarrek Finlandiari eraso egin zioten; 1940an finlandiarrek bakea izenpetzera behartuak izan ziren, eta 1941ean finlandiarren eta errusiarren arteko borroka hasi zen. Hasieran finlandiarrek eskuratu zituzten 1939an galdutako lurraldeak, baina 1944ean hasierako lekuetaraino atzera egin behar izan zuten. Urte horretan ekonomia arazo larriak izan zituen Finlandiak, baina gerora harreman hobeak izan ditu Sobiet Batasun ohiarekin. 1980ko hamarraldian % 4ko hazkunde tasa izan zuen Finlandiak, hau da, Europako Mendebaldeko garaienetako bat. Hurrengo hamarraldiaren hasieran, hazkunde hori moteldu egin zen ordea. Garai horretan, Sobiet Batasuna desagertu izanak Finlandiako merkataritzaren egoerari kalte handia egin zion. 1991. urtean, koalizio ez sozialista batek hartu zuen, Esko Aho zentristaren gidaritzapean, Holkeri Lehen Ministro sozialistaren gobernuaren lekua, zentristek koalizio hura utzi eta sozial-demokratei oposizioan sartzeko aukera eman ondoren. 1994ko otsailean, Martti Ahtisaari sozial-demokrata hautatu zuten Errepublikako lehendakari, aurreneko aldiz sufragio unibertsal zuzenean oinarrituriko hauteskundeak egin ondoren. 1995eko legegintzarako hauteskundeetan, alderdi sozial-demokrata izan zen legebiltzarreko talde nagusia. Koalizioko gobernu laukoitza osatu zen, Paavo Lipponen-en zuzendaritzapean. Urte horietan, politikaren eta ekonomiaren erronkarik handiena Maastricht-eko baldintzak betetzea izan zen, 1999tik aurrera Ekonomia eta Diru Batasunean esku hartu ahal izateko. Gobernuak bete zuen aurrez ipinitako helburua: Finlandia izan zen 1999. urtean euroa abian jarri zuten hamaika herrialdeetako bat. Baina nazioarteko finantza krisiak herrialde horretan izan duen eraginak –hazkunde tasa beherantz doa, eta defizit estrukturala handia da–, Europako Batasuneko herrialde bakarra izatea Errusiarekin muga duena, nekeza bihurtu dute gobernuaren egitekoa, nahiz eta garai horretan euroaren eremuko herrialdeetan aski handia izan diru egonkortasuna. ■ 1999ko martxoko legegintzarako hauteskundeetan, sozial-demokratak irten ziren berriz ere garaile (botoen % 22,9). Alabaina, botereak dakarren higadura eta azken urteetan gobernuak bultzatu duen politika zorrotza direla-eta, asko murriztu da sozial-demokraten hautesleen kopurua aurreko hauteskundeekin konparatuta. Kontserbadoreek, gobernu koalizioko kide izanaik, hauteskunde horietan lortu zituzten beren emaitza onenak, botoen % 21. Paavo Lipponen sozial-demokrata da Lehen Ministroa. Kabinete berria osatu zuen, ministro kontserbadoreak eta sozial-demokratak kopuru berean zituena.
http://www.government.fi/etusivu/en.jsp