Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fidias

(Gr. Pheidias) Greziako eskultorea (Atenas, K.a. 490 - K.a. 432). Antzinako Greziako eskultore bikainena zela esan ohi da. Karmide margolariaren semea zen eta aitaren ikasle izan zen, eskulturan hasi aurretik. Atenea Promakos eta Atenea Lemniana brontzezko eskulturen bidez ospe handia lortu zuen K.a. 460. urtean. Geroago, 444-438 bitartean, bere esku eduki zuen Partenon zaintzea, eta bertarako egin zuen Atenearen irudia. Elidan egon zen bitartean (437-433), Olinpiako tenplurako Zeusen irudia egin zuen. 432an Atenasera itzuli eta Partenongo altxorra alferrik galdu zuela edo bere irudia eta Periklesena Atenako armarria apaintzen zuen Amazonen gatazka edertzeko ipini zituela leporatu zioten. Bi arrazoi horietako batengatik gartzelaratu zuten, eta han hil zen. Bere obren ezaugarriak handitasuna, duintasuna, bikaintasuna ziren. Krisoelefantinak deituak, hau da, zurezko edo harrizko gune baten inguruan zati biluzietan marfil landuzko eta jantzietan urrezko xaflak jarriz egindako obrak izan ziren egin zituen bikainenak. Antzinate klasikoko indarra hautsi zuen, eta orduan ernetzen ari zen joera bati jarraiki, erromantizismo dei daitekeen bideari ekin zion. Teodosio I.ak K.o.ko 390 inguruan Konstantinoplara eraman zuen Zeusen irudia sute batean erre zen 475ean. Baina Partenongo kanpoaldean egin bide zituen irudiak ez dira galdu, eta Fidiasen balioa erakusten dute.