Ezkio-Itsaso
Gipuzkoako erdialdeko udalerria, Ezkio eta Itsaso herriek 1965eko martxoaz geroztik osatua (Goierri). Mugak: iparraldean Azpeitia, hegoaldean Gabiria, mendebalean Zumarraga, eta ekialdean Beasain. Goratasuna 444 m. 21,3 km2 eta 590 biztanle (ezkiotarrak; itsasoarrak). Auzoak: Alegi, Mantxinbenta eta Mandubia. Santa Luzia erreka igarotzen da udalerritik. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 98. Ekonomia jarduera nagusia industrian (metalurgia, janari industria, eraikuntza) eta nekazaritzan (fruitu arbolak, barazkiak, bazkarako landareak, behi eta ardi azienda) oinarritua da. Dena dela langile askok Zumarraga, Beasain eta Ordiziako industrialdeetan egiten du lan eta baserriko lanak bigarren lanbidetzat dituzte. v Historia. Ezkio eta Itsaso herriek historia independentea izan dute 1965. urtean biek bat egin zuten arte. Ezkiok Filipe IV.aren eskutik jaso zuen hiri-gutuna 1661. urteko martxoaren 13an baina Ezkio herri txikia izaki, Zumarragarekin eta Gabiriarekin elkar harturik, ordezkari bakar bat bidaltzen zuten Gipuzkoako Batzarretara. Hiru herrien arteko elkarteak Unión de Santa Cruz de Arguisano izena zuen. Itsaso, berriz, 1399. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz eta garai hartan Arriaran, Lazkao eta Olaberri herriekin zegoen loturik. 1845. urtean berezko udaletxea zuen Itsaso herriak.