Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
Euskal Herriko alderdi politikoa. 1980an Euskal Autonomia Erkidegoan lehenengo Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, alderdi hori izan da hauteskunde guztietan (1984, 1986, 1990, 1994 eta 1998), Euskal Autonomia Erkidegoan boto gehien jaso dituena. Sabino Aranak sortu zuen Euzko Alderdi Jeltzalea XIX. mendearen bukaeran. Badirudi berebiziko eragina izan zuela Luis Aranak bere anaia Sabinoren ideia politikoetan, baina azken hori izan zen lehen euskal abertzaletasuna ideologia, programa eta erakunde politikoez hornitu zuena. 1892an Bizkaya por su independencia eman zuen argitara Sabino Aranak. 1893ko ekainaren 3an Larrazabalgo hitzaldi ospetsua, lehenengo mitin abertzalea, egin zuen Sabinok eta, “Jaungoikoa eta Foruak” esapide karlistaren ordez, “Jaungoikoa eta Lege Zarrak” (JEL) delakoa aldarrikatu zuen (horretatik jeltzale eta jelkide izenak). 1893ko urte berean sortu zuen Sabino Aranak Baserritarra izeneko aldizkaria eta 1894. urtean ireki zen Bilbon lehen “Euzkeldun Batzokija”. “Bizkai Buru Batzar” edo Bizkaiko abertzaleen zuzendaritza egituratu zen 1895. urtean eta Sabino Arana hautatu zuten lehendakari. Euzko Alderdi Jeltzalea Euskal Herriko independentziaren aldeko alderdi kristaua eta errepublikarra zen. 1898. urtean, Aldundiko hauteskundeetara aurkeztu zen Sabino Arana eta ozta-ozta ez zuen kargurik atera. 1899an bost zinegotzi lortu zituen Bilbon Euzko Alderdi Jeltzaleak. 1902. urtean, hil baino urte bete lehenago, autonomiaren aldeko bidea jorratu beharraren alde azaldu zen Sabino Arana. 1903tik aurrera, Bizkaia osora zabaldu, Gipuzkoan hasi eta Nafarroan eta Araban jarraitzaile batzuk lortu zituen nazionalismoak. 1904ko otsailean Eusko Gazteria taldeak abiarazi ziren eta 1906an hasi ziren Euzko Alderdi Jeltzaleko astekariak argitaratzen (Bizkaitarra, Gipuzkoarra, Nafartarra,…). 1907tik aurrera, bi joera nagusitu ziren alderdi nazionalistaren barnean: Luis Aranak eta Angel Zabala “Kondaño”-k Sabino Aranaren oinordeko ideologiko argienek independentziaren aldeko joera garbia eraman behar zela argudiatzen zuten (“aberritarrak”); Ramón de La Sota, Chalbaud, Horn, Epalza, Landeta eta beste batzuek, ordea, joera autonomistaren alde zeuden (“euskalerriakoak”). 1908an egin zen Elgoibarren Euzko Alderdi Jeltzaleko lehen biltzar nagusia. Alderdia Hego Euskal Herriko bazter gehienetan zabaldurik zegoen eta herrialde bakoitzak bere egiturak eta bere bitartekoak zituen. Bi joera horien arteko lehian (Arana eta Zabala Aberri izeneko astekariaren inguruan; Sota, Chalbaud, Horn eta abarrak Euskalduna aldizkariaren inguruan) Bizkaiko industrian eragin handia zuen talde burgesa nagusitu zen Elgoibarko biltzarrean. 1910. urtean zatitu zen lehenengoz Euzko Alderdi Jeltzalea. Talde berriak “Askatasuna” izena izan zuen, “Aberri ta Askatasuna” esapideaz, baina bizitza ilaunekoa gertatu zen. Erlijioaren lotura ez zuten onartu eta ezaugarri horrek batu zituen “aberritarrak” eta “euskalerriakoak” haien aurka. 1911. urtean, langile higikunde “arrotzak” Bizkaian eta Gipuzkoan zuen indarra ikusirik, Solidaridad de Obreros Vascos (geroko Euzko Langilleen Alkartasuna) sindikatua sortzea erabaki zuen EAJk. Lehen Mundu Gerraren garaian, indar handia zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak Bizkaian eta goranzko joera zuen Gipuzkoan. Gerrak areagotu zituen bi taldeen arteko desberdintasunak. “Euskalerriakoak” aliatuen aldekoak ziren eta Luis Arana germaniarren aldekoa. Luis Aranak 1916. urtean alderdia utzi zuen, eta Sotak gidatzen zuen alderdiak Comunión Nacionalista Vasca izena hartu zuen. Autonomismoaren bidea hautatu zuen bete-betean Sotaren alderdiak. 1917ko udal hauteskundeen ondoren, alkate nazionalista izan zuten Bilbok eta Bizkaiko herri askok. Bestalde, Bizkaiko diputatu nagusi aukeratu zuten Ramón de la Sota Aburto, buruzagi nazionalistaren semea. 1918an, nazionalistek bost diputatu lortu zuten Bizkaian, bana Gipuzkoan eta Nafarroan, baina emaitza txarrak izan zituen 1920. urteko hauteskundeetan. 1921. urtean, “aberritarrak” eta Euzko Gazteria taldeko gazte gehienak, Elias Gallastegi, taldearen sortzailea, zela buru, Comunión Nacionalista Vasca utzi eta berriz ere Euzko Alderdi Jeltzalea izena hartu zuen alderdia sortu zuten, Comunión alderdiak abertzaletasunaren printzipioak saldu zituelakoan. 1922. urtean “Emakume Abertzale Batza” sortu zuen Gallastegik berak. 1923an, Primo de Riveraren diktadurak legez kanpo utzi zuen alderdia. Politikan egiterik ez zegoena, ordea, kulturan eta folklorean egin zen. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekitaldiekin batera “mendigoizale” elkarteak ugaldu ziren Euskal Herriko bazter guztietan. Primo Riveraren diktadura erori zenean, indar aski zuten nazionalistek. 1930eko azaroan, Bergarara bildu ziren Comunión eta Alderdiko nazionalistak, eta bat egitea erabaki zuten. Hamabost egunen ondoren, ostera, EAJ utzi eta Euzko Abertzale Ekintza deituriko alderdi abertzale, erlijio lotura gabea eta errepublikazalea eratzeko erabakia hartu zuen abertzale talde txiki batek. 1931. urtean errepublika nagusitu zen Espainiako estatuan eta Hego Euskal Herriko autonomi estatutuaren aldeko politika bideratu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Manifestaldi handien garaia hasi zen (Aberri Eguna 1932tik aurrera) eta izen berriak hasten dira alderdian nagusitzen (Agirre, Irujo, Leizaola, Monzon…). 1933. urtean alde batera utzi zuen EAJk Hego Euskal Herriko eskuinen koalizioa (katolikotasunaren eta eskuinaren balio tradizionalen defentsan sortu zen koalizio hura) eta berebiziko garaipena lortu zuen urte hartako hauteskundeetan. Autonomi estatutua, ordea, ez zen onartu eta bide horretatik kanpora geratu zen Nafarroa, bertako eskuinaren azpijokoaren ondorioz. 1934. urtean, alderdia utzi zuen Jagi-Jagi talde independentzia zaleak, Elias Gallastegiren gidaritzapean. 1936ko hauteskunde nagusietan, botoak galdu zituen EAJk, nagusi iraun arren, eta zuhur jokatu zuen Errepublikaren aurrean. Gerra Zibila hasi zenean, lehen uneetako nahasteak eta gero, Errepublikari leialtasuna agertu zion Euzko Alderdi Jeltzaleak; alderdia euskal administrazioa antolatzen hasi zen Euskadiko Autonomi Estatutua onartu ondoren (1936ko urriaren 1). EAJ izan zen Eusko Jaurlaritzako alderdi nagusia. Gerra galdu ondoren (1937 ekaina-uztaila), Paris eta Londresa joan behar izan zuten Euzko Alderdi Jeltzaleko buruzagi nagusiak (Irujoren eta Agirreren inguruan) eta 1940ko hamarkadako urteetan hasi zen Hego Euskal Herriko sarea berriz osatzen (Rezola, Lasarte, Mitxelena, Solaun eta, batez ere, Juan Ajuriagerraren inguruan). Agirrek eta Euzko Alderdi Jeltzaleko kide gehienek aliatuen garaipenak Francoren gobernuaren desagerpena ekarriko zuela uste zuten, baina 1947 eta 1951. urteetako grebak hutsean geratu ziren eta 1953. urtetik aurrera, Francoren gobernua babesteko asmoa agertu zuten Ameriketako Estatu Batuek. 1951. urtearen ondoko greben ondorengo zapalkuntzak oso egoera txarrean utzi zuen EAJk Hego Euskal Herrian zeukan egitura. 1960. urtean Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zen arte tirabira handiak izan ziren Euzko Alderdi Jeltzaleko buruzagi gehienen eta, hasieran, EKINen eta, gerokoan, ETAren inguruetara bildu ziren kide abertzale gazteen artean. 1960-70 urteetan, ageriko ekintza gutxi burutu zuten Euzko Alderdi Jeltzaleko kideek eta, aldiz, gerra ondoko lehenengo koadro tekniko, politiko eta ideologikoak hasi ziren antolatzen Hego Euskal Herrian, Juan Ajuariagerraren ardurapean. 1971. urtean Xabier Arzalluz eta beste alderdikide gazte batzuk hasi ziren Ajuriagerrarekin lanean eta bete-betean hasi zen Euzko Alderdi Jeltzalea Francoren ondorengo aldaketa politikorako prestatzen. 1977ko martxoan, Gerra Zibilaren ondoko lehen biltzarra egin zuen EAJk Iruñean eta, erlijio lotura gabeziarekin batera, sabinismo klasikotik urrun dagoen irudi modernoagoa eskaini zuen eraberrituriko EAJk, ideologia demo-kristauaren barnean betiere. 1978an, Juan Ajuriagerra hil ondoren, aurre egin behar zion Arzallusek, Euskadi Buru Batzarreko lehendakariak, Ormazaren eta haren jarraitzaile sabindar eta independientziazaleei. 1977an erregetzaren garaiko lehen hauteskundeak egin zirenetik nagusi agertu zen EAJ Bizkaia, Araban eta Gipuzkoan; Nafarroan ordea askoz indar gutxiago zuen. 1978. urtean euskal alderdiak hasi ziren Euskadiko Autonomi Estatuaren aldeko urratsak ematen eta Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen horretan parte garrantzitsuena. Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen Euskadiko Autonomia Erkidegoko lehen gobernuko alderdi nagusia eta Karlos Garaikoetxea hautatu zuten lehendakari. 1985. urtean Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio antolamenduari buruzko eztabaida batek zatiketa ekarri zuen berriro ere Euzko Alderdi Jeltzalera. Lurralde Historikoen Legearen prestakuntzan, talde bat herrialde bakoitzeko aldundiari eta erakundeari aginpide handia ematearen alde zegoen eta beste batek sortu berria zen eusko jaurlaritza gehiago indartzearen premia azpimarratu zuen. Lehenak nagusitu ziren, eta aitzakia horretan, Karlos Garaikoetxea agintetik kendu eta Jose Antonio Ardanza jarri zuten lehendakari (1985eko abendua). Garaikoetxeak eta bere jarraitzaileek alderdia utzi eta beste bat antolatu zuten (Eusko Alkartasuna). Eusko Alderdi Jeltzalea alderdi nagusia da Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Erabateko nagusitasuna du Bizkaian, indartsu dago Araban eta kontuan hartzekoa da Gipuzkoan. Nafarroan, ordea, eta gerra aurrean ez bezala, ez du indar handirik. Euzko Alderdi Jeltzalea Ipar Euskal Herrira hedatzen da, halaber, baina ez du oraingoz indarrik. Euzko Alderdi Jeltzalea gobernu alderdia da gaur egun Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Espainiako P.S.O.E. alderdiarekin batera. 1985eko krisialdiaren ondoren –urte hartan utzi zuen EAEko lehendakari kargua EAJko Carlos Garaikoetxeak eta handik urte batera aurkeztu zuen Eusko Alkartasuna, berak eragindako alderdia– Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi nagusi jarraitu du Euzko Alderdi Jeltzaleak. Nafarroan, hala ere, eragin handiagoa izan zuen zatiketak eta hainbat urtez ia desagertuta egon zen EAJ Foru Erkidegoan. Azken hamarraldi honetan, bestalde, leunduz joan dira EAJren eta EAren hasierako tirabirak, eta lankidetza izan da nagusi azken urteotan bi alderdi abertzaleon artean, bai erakundeetan, bai jarduera politiko orokorrean. 1985eko urtarrilean Jose Antonio Ardanza jelkidea –ordu arte Gipuzkoako Aldun Nagusia izandakoa– hautatu zuen Euskal Legebiltzarrak Lehendakari, eta 1986. urtean egindako hauteskundeetan ere lehendakaritzari eta nagusitasun politikoari eutsi zion EAJk EAEn. 1990. urtean Eusko Legebiltzarreko egin ziren hauteskundeetan botoen % 28,9 eta 22 parlamentari lortu zituen EAJ, eta –berriro ere Jose Antonio Ardanza lehendakari zela– EArekin eta une hartan desegite bidean zegoen Euskadiko Ezkerrarekin Eusko Jaurlaritza eratzeko akordioa izenpetu zuen. Hiruren arteko gobernua, ordea, urte bereko irailean hautsi zen, eta PSE-PSOE alderdia sartu zen orduan Jaurlaritzara. 1994ko Euskal Legebiltzarreko hauteskundeetan zertxobait hobetu zituen botoetan bere emaitzak EAJk, aurrekoekin alderatuz gero: botoen % 28,84 lortu zuen, eta lehendik zituen 22 parlamentariei eutsi. EArekin eta PSErekin batera osatu zuen orduko hartan Eusko Jaurlaritza, betiere Jose Antonio Ardanza jelkidea lehendakari zela. Akordio horrek 1998an sozialistek Eusko Jaurlaritza uztea erabaki zuen arte iraun zuen. Nafarroari dagokionez, 1995eko hauteskundeetan ez zuen inolako presentziarik izan, eta 1999. urtean EArekin batera aurkeztu zen koalizioan; bi alderdien artean 16.512 boto (% 5,57) eta hiru parlamentari lortu zituzten. 1998. urtean Eusko Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeetan ere garaile gertatu zen EAJ, nahiz eta parlamentari bat galdu eta 21ekin gelditu. Juan Jose Ibarretxe jelkidea lehendakari izendatu ondoren, EAJk eta EAk ez zutenez behar adina parlamentari Jaurlaritza bien artean osatzeko, 1999ko maiatzean 1999-2002 legegintzaldirako Legebiltzarrean Lankidetzan Jarduteko Oinarrien Akordioa izenpetu zuten Euskal Herritarrok koalizioarekin, lehenbiziko aldiz Euskal Herriko hiru alderdi abertzale nagusiak legebiltzarrean elkarrekin jarduteko modua ireki zuena. 1999an beste hiru hauteskunde garrantzitsu egin ziren EAEn –baita aipatutako Foru Parlamenturakoak ere Nafarroan–: udal hauteskundeak, Batzar Nagusietarakoak eta Europako Parlamenturakoak. Hiru hauteskunde horietan elkarrekin joan ziren gehienetan EAJ eta Eusko Alkartasuna. Udal eta lurralde historikoen mailako hauteskundeei dagokienez, zerrenda bateratuak aurkeztu zituzten alderdi biek udal askotan, eta elkarren artean lortu zuten beste inork baino boto gehiago (% 23,09). Bakarka aurkezten zen udalerrietan, EAEn eman ziren guztizko botoen % 8,45 eskuratu zituen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Hauteskundeen ondoren, Hego Euskal Herriko hainbat udaletan elkarlanari ekin zioten EAJ-EAk eta EHk, alkatetzak lortzeko elkarri laguntza eskainiz. Elkarlan hura Bizkaiko 25 udaletan, Arabako 11tan eta Gipuzkoako 8tan gauzatu zen. 2000. urtearen erdialdera, ordea, bertan behera gelditu zen lankidetza udal gehienetan, ETAk su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz heldu ondoren, EHk ez baitzuen, gainerako bi alderdiek eskatu bezala, ETAren jarduna gaitzetsi. Nolanahi ere, ordurako erabat nabarmena zen alderdi abertzaleen eta ez abertzaleen arteko etenak ere izan zuen eraginik EAJk erakundeetan zuen presentzian, Arabako Foru Aldundia, Batzar Nagusiak eta Gasteizko Udala galdu baitzituen PPren mesedetan (Batzar Nagusien kasuan, PSE-PSOE Euskadiko Ezkerraren mesedetan). Europako Parlamenturako hauteskundeetara ere elkarrekin aurkeztu ziren EAJ eta EA 1999an (Coalición Nacionalista-Europa de los Pueblos koalizioan), eta 1994an bakarka aurkezu zirenean –alderdi bakoitza koalizio desberdin baten barruan; EAJ Coalición Nacionalista zelakoaren barruan– lortutako botoak hobetu eta EAEn eman ziren botoen % 33,39 eskuratu zuten. 2.000. urtean egin ziren Madrilgo Gorteetarako hauteskunde orokorretan 5 diputatu eta 6 senatari lortu zituen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Jarduera politiko orokorrari dagokionez, erakundeetako egonkortasun faltaren eragina ere jasan du EAJk neurri batean. Izan ere, 1998an hurrengo urteetako bilakaera politikoa baldintzatuko zuten gertakari garrantzitsuak izan ziren: irailaren 12an alderdi eta sindikatu abertzaleek, IU-EBk eta hainbat gizarte higikunde eta elkartek Lizarrako ituna sinatu zuten, eta handik egun gutxira su-etena iragarri zuen ETAk. Une hartatik aurrera, aurreko urteetan PSE-PSOErekin zein PPrekin –estatuan gehienbat– zituen lankidetza harremanak eten eta alderdi abertzaleen arteko elkarlanaren aldeko apustu argia egin zuen EAJk, erakundeetan zein politika orokorrean. 1999ko azaroan ETAk su-etena bertan behera uzten zuela adierazi zuen, eta 2000. urteko urtarrilaren 21ean egin zuen bere lehenengo atentatu hilgarria. ETAk jarduera armatuari berriz heldu ondoren, berehala hasi ziren pitzatzen EAJren eta EHren arteko harremanak, Euskal Herritarrok koalizioak ez baitzuen –ahots kritiko gutxi batzuk izan ezik– ETAren indarkeria gaitzetsi. Horrek, epe laburrera, zuzen-zuzeneko ondorioa izan zuen erakundeetan, hainbat udaletan zeuden akordioak ez ezik Eusko Jaurlaritzari eusten zion lankidetza ere bertan behera gelditu baitzen, Ibarretxe lehendakariak EHrekin zeukan akordioa etetea erabaki ondoren, eta EHk, hilabete batzuk geroago, Euskal Legebiltzarrean presentzia iraunkorrik ez izatea erabaki zuenean. Berehala hasi ziren nabarmentzen EAJren barnean lehendik ere hainbatek –Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak, esate baterako– plazaratutako iritzi desberdintasuna. EAJren aginte egiturak eta buruzagi nagusiek –Xabier Arzalluz eta Joseba Egibar, esaterako– abertzaleekiko lankidetzari eusteko apustuari lotzen zitzaioten bitartean, beste kargudun eta militante ezagun askok alderdiaren estrategia beste era batera bideratzearen alde egin zuten. Nolanahi ere, 2000. urteko udaberrian egin zen barne-eraberritze prozesuan lehendik ere alderdiaren ardura nagusia zuten burukideak hautatu zituzten afiliatuek EBBrako, eta EHrekiko lankidetza gartsu defenditu duen Xabier Arzalluz berretsi zuten haren buru izateko. 2004an, alderdiaren lehendakaritzarako hautagaiak Josu Jon Imaz eta Joseba Egibar izan ziren. Imaz alderdiaren moderatuen artean sailkatzen zuten eta Egibar, berriz, Arzalluzek babesten zuen hautagaia zen. Azkenean, Josu Jon Imaz atera zen garaile, gutxigatik izan bazen ere, barne hautaketa tirabiratsu baten ondoren. 2007ko irailaren 12an, baina, Imazkek politika uztea erabaki zuela iragarri zuen. Aditu batzuen arabera, EAJko soberanistek menderatzen duen sektorearekiko desadostasunek bultzatu zuten Imaz erabaki hori hartzera. Harrezkero Iñigo Urkullu da alderdiaren lehendakaria. 2008ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan EAJk atzerakada nabarmena egin zuen, ia 120.000 boto galdu baitzituen. Ez zen zerrenda bozkatuena izan EAEko inongo lurraldetan, ez ezein hiriburutan.
- eutsiezintasun
- Euxino
- Euzkadi
- Euzkitze
- Euzko Abertzale Ekintza. (E.A.E)
- Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
- Euzko Gudariak
- Euzko Gudaroztea
- Euzko Langilleen Alkartasuna. (E.L.A)
- Euzko Nekazarien Bazkuna
- Evagoras Ia