Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

estrukturalismo

iz. Egitura kontzeptuan oinarritzen den doktrina eta giza zientzien azterketarako metodoa.  v  Hizkl. Estrukturalismoaren ikuspuntutik hizkuntza bat erlazio egitura autonomoa da; egitura hori osatzen duten osagaien izatea eta balioa osagai horiek beroiek testuetan edota mintzaldietan duten banaketen eta oposizioen ondorio dira. ik. egitura. Iritzi hori Ferdinand de Saussure suitzarrak azaldu zuen garbi lehenengo aldiz (1857-1913). Hortik abiatuta estrukturalismoak bide askotatik egin zuen aurrera: Pragako Eskola, glosematika, eta Europako beste joera batzuk. Estatu Batuetan F. Boas (1858-1942) eta E. Sapir (1884-1939) izan ziren joera horren jarraitzaileak. Adiera estuan Bloomfield-en ondorengo eskolak (1930. urtetik aurrera) egiten zuen hizkuntzaren azterketari ere eman zaio estrukturalismo izena. Fonologia eta morfologia izan dira estrukturalismoak gehien landu dituen alorrak.  v  Soziol. Antropologian, C. Lévi-Strauss frantses antropologoak gidatu zuen eskola. Kulturak egitura gisa aztertu zituen, barne elementuen arteko harremanen arabera. Egitura antzekoak ikusi zituen munduko kultura askotan, eta N. S. Trubetzkoi eta R. Jakobson hizkuntzalarien azterketa modua erabilita, gizonaren pentsamenduaren egitura ikertu zuen.