Erdialdeko Amerika
Ipar Ameriketako hegoaldeko lurraldea, Mexikoren eta Colombiaren artean, Ipar Amerikaren eta Hego Amerikaren aretko istmoan. Estatu hauek hartzen ditu Erdialdeko Amerikak: Guatemala, Belize, El Salvador, Honduras, Nikaragua, Costa Rica eta Panama. v Orografia eta klima. Ekialdean, Karibeko itsasoaren eta, Ozeano Barearen artean hedatzen da Erdialdeko Amerika, 520.000 km2 hartzen dituen lur zerrenda luzexka batean. Lur behere hezeak hedatzen dira ekialdeko eta mendebaleko itsasertzetan eta 3.700 m-taraino iristen diren mendiak eta sumendiak dira erdialdean. Nikaraguako Coco ibaia da Erdiko Ameriketako ibai luzeena (750 km). Ibai garrantzitsuak dira Ulua (Honduras), Belize eta Hondo (Belize), San Juan (Nikaragua, Costa Rica). Aintzira zabalak dira Nikaraguako hegoaldean (Nikaragua eta Managuako aintzirak) eta Panama erdialdean (aintzira alde horretaz baliatu ziren Karibeko itsasoa Ozeano Barearekin lotzen duen ubidea eraikitzeko). Oro har, klima bero hezea da, tropikokoa. Maiatzetik azarora luzatzen da euri sasoia. Goi lurraldeetako tenperaturak ez dira hain beroak eta urte osoa hartzen du euri sasoiak. Lurrikarak eta sumendien leherketak ugariak izaten dira (Managua, 1931 eta 1972; Nikaraguako mendebaleko kostaldea, 1992; hiru aldiz suntsitu dute lurrikarek Guatemalako Antigua). Landaretza joria eta oparoa da. Arbola hosto-zabalak dira gehienak, haritzaren antzekoak. Ipar Ameriketako pinuak dira goi lurretan, eta arbola tropikalak. Intsektu eta txori motak ugariak dira: barnealdeko lurralde hezeetan, jaguarrak, marraskari txikiak, belatzak, sai beltzak eta ehize hegaztiak bizi dira; tapirak, iguanak eta armadiloak kostaldeko ordokietan, eta, dortokak, krokodiloak eta aligatorrak aintziretan eta paduretan. v Biztanleria. Kolonizatzaile espainiarren aurreko indiarrak (maiak, nahuatl-ak) dira nagusi Erdiko Ameriketan, baina gehienak espainiarrekin nahasi dira. 30 milioi biztanle inguru bizi da bertan. Erdiko Ameriketako herriek independentzia lortu zutenean, 1820. urte inguruan, geratu egin zen Europako etorkinen sarrera, Guatemalan eta Hondurasen izan ezik. Honduras, Nikaragua eta El Salvadorko biztanleen bi heren mestizoak dira. Costa Ricako biztanleen gehiengoa espainiarra da arrazaz. Kostaldean hartu dute bizitoki Afrikako etorkinak, eta Honduras eta Nikaraguako zenbait eskualdetan indiarren eta beltzen arteko nahastetik sorturiko herri mestizoak bizi dira. Erdiko Ameriketako biztanle kopurua munduko altuenetako bat da. Haurren hilkortasuna handia da eta bizi itxaropena apala. Kristau katolikoa da Erdiko Ameriketako erlijio nagusia. v Hizkuntza. Espainiera da Erdiko Ameriketako estatu guztietako hizkuntza ofizial bakarra, Belizen izan ezik (ingelesa da hizkuntza ofiziala). Hizkuntza indiarrak mintzatzen dira, bestalde, herri guztietan: hizkuntza maiak, Guatemalan eta Belizen; miskitoa, sumua, paia, lenka, rama, etab. Honduras eta Nikaraguan; hizkuntza chibchak, Panaman; hizkuntza aztekak, El Salvadorren eta mendebaleko kostaldean. v Ekonomia. Aberastasunen banaketa desegokia eta ekonomiaren garapen apala dira Erdialdeko Amerikako ekonomia arazo handienak. Langile gehienak nekazaritzan ari dira eta, oro har, Estatu Batuetako kapitalisten eta bertako aberatsen mende daude ekonomia baliabide guztiak. v Historia. K.a. 500. urte aldera, herri maia hedatu zen Guatemala, El Salvador eta Hondurasko lurraldeetan eta goia jo zuen K.o. 250-900 urteetan maien zibilizazio handiak. XVI. mendearen hasieran egokitu ziren espainiarrak Erdiko Ameriketan eta bertan 300 urtez izan ziren nagusi. 1821. urtean lortu zuten independentzia bertako kolonoek eta 1823an sortu zen Erdiko Ameriketako Herrialdeen Batasuna (Guatemala, El Salvador, Honduras, Nikaragua eta Costa Rica). Britainiarren esku zegoen Hondurasek (Belize) kolonia gisa jarraitu zuen eta Panama Colombiari loturik iraun zuen. 1838. urtean banatu ziren Costa Rica, Honduras eta Nikaragua. Ingalaterrako kolonia inperioa eta, batez ere, Estatu Batuak lurralde haietara begira jarri ziren eta konpainia kapitalista handi batzuen esku hasi zen geratzen Erdialdeko Amerika. 1903an, Panama Colombiatik bereizi eta estatu bihurtu zen, Estatu Batuen babespean. 1914. urtean ireki zen Panamako ubidea eta orain ere jaun eta jabe dirau Estatu Batuak bertan. 1911. urtean, Estatu Batuetako soldaduak sartu ziren Hondurasen bertako iraultza iraungitzeko. Beste hainbeste gertatu zen Nikaraguan 1911 eta 1927. urteetan eta Somoza familia ezarri zuten nagusi 1933an, bertan zituzten negozio guztiak zaintzearren. 46 urtez egon ziren Somozatarrak agintean Nikaraguan. 1921. urtean, Estatu Batuetako osteak sartu ziren Costa Rican, Panamako estatuarekin zituen gatazkak aitzakiatzat harturik. 1948. urtean, Estatu Batuei eta Hego Ameriketako estatuei lotu zitzaizkien Erdiko Ameriketako estatuak Ameriketako Estatuen Erakundean. Gerrak, estatu kolpeak, zapalkuntza eta pobrezia izan dira Erdiko Ameriketako herrien historiaren ezaugarri. 1979. urtean, Frente Sandinista de Liberación Nacional taldeak Somoza eraitsi eta gobernu sozialista bideratzen saiatu zen Nikaraguan. Iraultzaren kontrako soldaduek, Estatu Batuen laguntzarekin, gerra zabaldu zuten Nikaraguako bazter guztietara. Violeta Chamorro eskuindarrak irabazi zituen hauteskundeak 1990ko otsailean. El Salvadorren, gerrillak Estatu Batuek eutsiriko armadari neurria hartu eta gobernuarekin negoziatzea lortu zuen 1991. urtean. Guatemalako gobernuaren eta gerrillaren arteko negoziazioak hasi ziren 1991ko apirilean. 1989ko abenduan, Estatu Batuetako osteak Panamara bertaratu, herriaz jabetu eta bertan egon ziren Manuel Antonio Noriega lehendakaria preso hartu zuten arte. Beren gogoko lehendakaria ezarri zuten ondoren.