Erroibar
Nafarroa iparraldeko udalerria eta ibarra (Zangozako merindadea), Zangozako merindadean. Mugak: iparraldean Baigorri eta Luzaide, ekialdean Auritz eta Artzibar, mendebalean Baztan eta Esteribar, eta hegoaldean Arriasgoiti. Goratasuna 688 m. 149,42 km2. 1998ko datuen arabera, 797 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gehiago (erroibartarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Aintzioa, Erro, Esnotz, Aurizberri, Lintzoain –herriburua–, Orondritz, Zilbeti, Mezkiritz eta Bizkarreta-Gerendiain. 1986ko Nafarroako Foru Erkidegoko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak, % 25. Erro ibaia igarotzen da ibarretik. Ekonomia jarduera nagusia abeltzaintza da; dagoen industria apurra zurgintzari lotuta dago. v Historia. Hiria Teobaldo I. a erregeak sortu zuen 1248. urtean. Teobaldo II.ak foruak eman zizkien bertako biztanleei 1269. urtean. Erroibarren historia Orreagako monasterioari eta Donejakue bideari loturik egon da. Historialariren batek Erroibarren kokatzen zuen Ptolomeoren Civitas Iturrisa, baina ez dago dudarik bertatik igarotzen zela Errotik Bizkarretarako galtzada erromatarra. Seigarren merindadea eratu zenean hainbat auzi izan ziren baztandar, baigorriar eta erroibartarren artean lurren mugak zirela eta. 1856. urtean zehaztu ziren egungo mugak.