erretorika
iz. Ongi hitz egiteko edo idazteko antzea edo erregela multzoa. v Hiru arte liberaletako bat, gramatika eta dialektikarekin batera. Grezian sortu zen K.a. 460. urtean. Koraxek eta Tisiasek definitu zuten lehenengo aldiz erretorika, hizlariak entzulea erakartzeko eta hunkitzeko erabiltzen duen antze gisa. Sofistek bultzada handia eman zioten erretorikari, eta eskolak antolatu zituzten antze hori ikasteko. Aristotelesek ere sofisten bidetik egin zuen aurrera, eta bere Retorica liburuan erretorikaren baliabideak eman zituen. Ondoren erromatarrek landu zuten gaia, eta batez ere legeetarako erabili zuten (Zizeronen De inventione, Kintilianoren De institutione oratoria). Zizeronek bost zatitan banatu zuen diskurtsua: a) inventio (gaia, gertaerak); b) dispositio (argumentuen antolamendua); c) elocutio (irudiak eta tropoak); d) memoria (hitzaldiaren esaldiak buruz ikastea); e) pronuntiatio (ahoskera, entonazioa…). XVIII. mendea arte erretorikak hitzaldi osoa hartzen zuen kontuan, entzulea hunkitzea baitzuen helburu nagusia. Mende horretatik aurrera elocutio-aren zatira mugatu zen eta gerora ere, batez ere figurak eta tropoak sailkatu ditu, eta hitz lauzko prosaren egokitasuna eta dotoretasuna aztertu du.