Erresuma Batua
(Izen ofiziala, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua. Britainia Handia eta Britainia ere esaten zaio, Ing., United Kingdom). Europako ipar-ekialdeko kostaldetik bereizita, Ozeano Atlantikoan dagoen uhartea. 244.110 km2 hartzen ditu. Hiriburua: Londres. Erresuma Batua Britainia Handiak –Ingalaterra (130.440 km2), uhartearen hegoaldean; Eskozia (78.782 km2), uhartearen iparraldean; Gales (20.769km2), Ingalaterraren mendebaldean– eta Ipar Irlandak (Ulster edo Irlandako uhartearen ipar-ekialdeko lurraldea), osatzen dute. Biztanleak: 61.000.000 (britainiarrak, 2008). Hizkuntza: ingelesa da zabalduena; mintzatzen dira halaber, eta ofizialak dira zein bere mintzalekuan, galesa (Galesko biztanleen % 26), eta gaelikoa (Eskozian). Herriak: ingelesak (% 81,5); eskoziarrak (% 9,6); irlandarrak (% 2,4); galestarrak (% 1,9); ulstertarrak (% 1,8); indiarrak, pakistandarrak eta beste batzuk (% 2,8). Erlijioak: anglikanoak (27 milioi), katolikoak (9 milioi), musulmanak (milioi bat), presbiterianoak (800.000), metodistak (760.000), sikh-ak (400.000), hinduak (350.000), juduak (300.000). Erresuma Batuaren mendeko lurraldeak hauek dira: Anguilla, Bermuda, Antartikako Britainiar Lurraldea, Indiako Ozeanoko Britainiar lurraldea, Virgin uharteak, Caiman uharteak, Malvina uharteak, Gibraltar, Montserrat uhartea, Saint Helena uhartea, Hego Georgiako uharteak eta Hegoaldeko Sandwich eta Trusk eta Caicos uharteak. Hong Kong Txinaren mende gelditu zen 1997an. Diru: libra esterlina ■ Biztanleak. Britainiako biztanleria zahartzen ari da: britainiarren % 16 65 urtetik gorakoa da. 11,9 haur jaiotzen dira 1.000 biztanleko (1999) eta 10,64 lagun hiltzen dira (1999). Britainia Handia da Europar Batasunaren barruan emigrante gehien dituen herrialdea; gehienak Ipar Ameriketara joaten dira. Etorkinei dagokionez, biztanleen % 6 etorkinak dira (% 1,5 indiarrak, % 1 antillatarrak eta % 1 pakistandarrak). Batez besteko dentsitatea 240 bizt./km2 da (Europako dentsitate maila garaiena duen herrialdea). Hala ere, Erresuma Batuko lurralde batetik bestera alde handia dago dentsitateari dagokionez: Ingalaterran 370 bizt./km2 da, Galeskoa baino 2,5 aldiz gehiago, Ipar Irlandakoa baino 3 aldiz gehiago eta Eskoziakoa baino bost aldiz gehiago. Biztanle gutxien bizi diren lekuak nekazari inguruak dira, eta horietan biztanleen % 4 baino ez da bizi: Ulster-eko mendiak, Galesko iparraldea eta barrualdea, eta Eskoziako Highlands dira Europako biztanle gutxieneko herrialdeak. Beraz, Erresuma Batuko biztanleak hiritarrak dira, oro har. Londres da hiri nagusia; Erresuma Batuko herrialdeko hiria (Birmingham) baino bost aldiz handiagoa da. Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako hiriburuak, hurrenez hurren, Edinburgo, Cardiff eta Belfast dira. Erresuma Batuko hiruburu izateaz gainera, Ingalaterrako hiriburu ere bada Londres. Ingalaterran daude Erresuma Batuko hiri nagusiak: Birmingham, Leeds, Sheffield eta Manchester, eta Liverpool eta Bristol-eko portuak. Horiez gainera,aipatzekoa da Glasgow, Eskozian. v Orografia. Erresuma Batua lurralde lauez (itsas mailatik 100m-rainoko garaiera dutenak) eta mendialdeez (100m /610m ingurukoak) dago osatua, eta baita ere 610m-tik gorako garaiera duten mendiez (lurraldearen % 5a). Ingalaterrak hiru mendialde ditu (iparraldean bata, Penino Mendiak —Cross Fell [893m] eta Scafell Pike [978m] mendiak—, mendebalean bestea eta hego-mendebalean hirugarrena) eta lurralde lauak hego-ekialdean eta ekialdean. Ingalaterrako ibai nagusiak Thames eta Severn dira. Eskozia hiru lurraldez osatua dago: Iparraldeko mendialdea (Highlands); bertan dago Ben Nevis mendia (1343m), Erresuma Batuko mendirik garaiena; erdialdeko lurralde beheak (150m); eta hegoaldeko goi-ordokiak (850m). Clyde, Spey eta Tweed dira Eskoziako ibairik handienak. Galesko lurralde zabalenak Kanbriar mendiek hartzen dute, eta mendirik garaiena Snowdonia da (1.085m); Dee, Tywi, eta Teifi dira Galesko ibairik handienak. Ipar Irlandan goi-ordokiak eta mendi txikiak dira nagusi (150-180m); Lough Neagh, Erresuma Batuko aintzirarik handiena (390km2), Ipar Irlandaren erdialdean dago; Bann, Erne eta Foyle dira bertako ibairik handienak. v Klima. Atlantiko iparraldeko itsaslasterrek eta hego-mendebaleko haizeek epeltzen dute Erresuma Batuko klima. Urteko batez besteko tenperatura 6° C-koa da Eskoziako iparraldean eta 11° C-koa Ingalaterrako hego-mendebalean. Urtean zehar euri asko egiten du, iparraldeko eta mendebaleko mendialdeetan bereziki. Erresuma Batuko basoek lurralde osoaren hamarren bat baino gutxiago hartzen dute, eta Eskoziako ipar-ekialdean eta Ingalaterrako hego-ekialdean daude gehienak. Haritza, pagoa, lizarra, zumarra eta pinua dira zuhaitz mota ugarienak. v Biztanleria. Ingelesek osatzen dute talde etniko zabalena, eta ondoren eskoziarrek, irlandarrek eta galestarrek. 1950. urteaz geroztik Commonwelth-etik Erresuma Batura joandako etorkinak gero eta ugariagoak izan dira (indiarrak, pakistandarrak…). Dena dela, Erresuma Batuan biztanleriaren urteko hazkuntza txikia da; bizi itxaropena gizonezkoentzat 72 urtekoa da eta 78 urtekoa emakumezkoentzat. Biztanleriaren % 92a hirietan bizi da. Ingalaterra eta Gales dira hiri gehien dituztenak, ondoren Eskozia, eta azkenik Ipar Irlanda. ■ Ekonomia. Erresuma Batua munduko seigarren herrialde indartsuena da ekonomiari dagokionez. Oso ekonomia aurreratua du, eta hirugarren sektorea da nagusia (langileen % 74 eta barne produktu gordinaren % 64,2). 1973-1995 urte bitartean industria ekoizpenak ez ziren % 6 baino gehiago hazi (zerbitzuak % 50 hazi ziren). Baina egiturak berritzeko egin diren saioen ondoren, britainiar industria goranzko bidean da berriz ere. Langabezia tasa asko jaitsi da, batetik biztanleriaren zahartzea dela-eta, eta, bestetik, ekonomiaren hazkundeari esker: 1992 eta 1993 urteetan % 10era iritsi zen, 1998an, berriz, % 5era jaitsi da. Hala ere, lanaren merkatuaren egoerak okerrera egin du, eta gizataldeen arteko desberdintasunak larriagotu egin dira. Behartsuen kopurua 12 milioira iritsi da. Barne produktu gordina 20.000 dolarrekoa da biztanleko, Zazpi Handien taldea osatzen duten herrialdeen artean ahulena. ■ Nekazaritza. Nekazaritzak ekonomiaren zati txikia hartzen du (langileen % 2,1); hala ere, industrializazio maila garaia da eta produkzio ahalmena handia; herrialdeko bertako beharren % 60 asetzen dira. Nekazaritza jarduera nagusia da Ingalaterraren mendebaldean, Galesen eta Ulster-en. Garia, garagarra, azukre erremolatxa, patata eta oloa dira nekazaritza gai nagusiak. Gaur egun Erresuma Batuan asko ugaritu dira barazkijaleak, eta horrek nekazaritza biologikoa ere haztea ekarri du. Abeltzaintzari dagokionez, Erresuma Batuak Europar Batasuneko ardi azienda handiena du, 29 milioi bururekin (bederatzigarrena munduan, zazpigarrena artileari dagokionez); behi azienda, berriz, 12 milioi buruk osatzen dute (Europar Batasuneko % 15). ■ Basogintza eta arrantza. 2,4 milioi hektarea basok Ingalaterraren % 7 hartzen dute, Eskoziaren % 15, Galesen % 2 eta Ipar Irlandaren % 5. Haritza, pagoa, lizarra eta zumarra dira zuhaitz mota nagusiak. Zuraren ekoizpenak 6,5 milioi m3 hartzen ditu. Arrantza industriak Erresuma Batuko beharren % 55 asetzen du. Arrantza portu nagusiak hauek dira: Kingston-upon-Hull, Grimsby eta Plymouth, Ingalaterran; Aberdeen, Lerwick eta Ullapool, Eskozian. ■ Industria. Erresuma Batua XIX. mendearen erdialdean industrializatuta zegoen; munduko lehena izan zen. 1990eko hamarraldiaren hasieran industriak barne produktu gordinaren % 23 hartzen zuen. Hala ere, 1980ko hamarralditik aurrera jaisten ari da industrian diharduen langile kopurua. Teknologiaren inguruko industriek gorakada handia izan dute, eta 1990eko hamarraldiaren hasieran Europako ordenagailuen % 40 Erresuma Batuan egiten zen. Eskozia eta Ipar Irlanda whisky eta ehun ekoizle handiak izan dira betidanik. Ingalaterrako industriagune nagusiak Londres Handia eta Manchester, West Midlands (Birmingham), South Yorkshire, eta Tyne and Wear dira. ■ Meatzaritza eta energia. Erresuma Batuak lehengai asko du; Alemania, Belgika, Irlanda, Frantzia eta Italiak, guztiek batera ekoizten dutena baino energia gehiago ekoizten da bertan. Europako petrolio esportatzaile nagusia da, munduko bederatzigarrena. Inbertsio handiak egin dituzte Iparraldeko itsasoko petrolio hobien produkzio ahalmena handitzeko: erauzketa plataformak, oliobideak, gasbideak. Gas naturalari dagokionez, energia kontsumoaren % 25 asetzen du. Gas hobi nagusiak Shetland, Northumberland eta Norfolk-en daude. Ikatzari dagokionez, Europako ekoizle nagusia da Erresuma Batua, eta Peninoen ekialdean, Yorkshire- v eta Midlands-en ateratzen da ikatz gehiena. ■ Zerbitzuak eta merkataritza. Kanpo merkataritzak garrantzizko lekua du Erresuma Batuko gaur egungo ekonomian, ekoizpenaren erdia esportatu egiten baita. Hala ere, inportazioak ere hazi egin dira. Erresuma Batuak Europako kideekin ditu batez ere harremanak, eta bera da, hain zuzen, Europan atzerriko inbertsio gehien dituen herrialdea. Urteko 25 milioi bisitaritik gora izaten ditu (munduko bosgarrena), eta Londreskoa da Europako aireportu nagusia. 30 milioi britainiar joaten dira urtero atzerrira turista gisa. Hirugarren sektorea da gaur egun sektore nagusia; langileen hiru laurdenak sektore horretan dihardute lanean. Londres Europako finantzagune nagusi bihurtu da, Frankfurt eta Paris baino askoz aurrerago, eta munduko hirugarrena da New York eta Tokioren atzetik. Erresuma Batuan dago Europako petrolio merkatu bakarra, eta bertan dago munduko aseguru eta truke merkatu nagusia. Erresuma Batuan atzerriko 550 banku daude, eta 170 artekari etxe; horietan 625.000 langile inguru aritzen dira, eskaintzen dituzten zerbitzuek Erresuma Batuko barne produktu gordinaren % 20 osatzen dute, eta esportazioen parte handi bat, eskulaneko industriak baino gehiago. v Administrazioa eta gizartea. Erresuma Batua monarkia konstituzionala da eta demokrazia parlamentuduna. Erregea edo erregina da estatuko burua; haren eginkizunak ohorezkoak dira batez ere, baina badu legeak ezeztatzeko eskubidea. Dena dela, XVIII. mendeaz geroztik erregeak ez du legeak eragozteko eskubide hori erabili. Aginpide betearazlea Lehen Ministroaren esku dago, eta bera da Parlamentuko alderdi nagusiaren burua. Legeak egiteko eskubidea Parlamentuak du, eta erregea, Lord-en Ganbera eta Comun-en Ganbera dira Parlamentua osatzen dutenak. Comun-en Ganberako 650 kideak bost urtez behin hautatzen dira, baina Lehen Ministroak edozein momentutan egin dezake hauteskundeetarako deialdia. Erresuma Batuan bi dira alderdi nagusiak XVII. mendeaz gero: laboristen alderdia eta kontserbatzaileena. Erresuma Batua NATO-ko kidea da. Gizarte asegurua eskaintzen du dohain hiritar guztientzat. Hezkuntza nahitaezkoa da 5 urtetik 16 urtera. Oxfordeko (XII. mendea) eta Canbridgeko (XIII. mendea) unibertsitateak mundu osoan dira ezagunak. v Kultura. Erresuma Batuko pentsalari ezagunak dira Thomas Hobbes, Tomas Moro eta John Stuart Mill politikan; Adam Smith, David Ricardo, John Mynard Keynes ekonomian; eta Francis Bacon, Isaac Newton, John Locke, George Berkeley, David Hume eta Bertrand Russell matematikan, zientzietan eta filosofian. Geoffrey Chaucer, William Shakespeare, John Milton, Jonathan Swift, Lord Byron, Virginia Woolf, eta beste asko dira munduko literatura aberastu duten idazle britainiarrak. v Arkitektura. XI. mendean normandarrek eliza eta katedral erromanikoak eraiki zituzten Britainia Handian, beren lurraldeetan zituztenen antzekoak (Glocester, Norwich eta Durhamgoak). XIII. mendetik aurrera estilo gotiko ingelesa erabili zen: Cambridge-ko King´s College-ko kapera, Oxford-eko New College-ko kapera eta Westminster abatetxeko Erregearen kapera. Neoklasikoa berandu iritsi zen Britainia Handira, XVII. mendean, eta barrokoak ia ez zuen eraginik izan. XVIII. mendekoak dira estilo klasikoko eraikuntza eta gaztelu batzuk. XIX. mendekoa da Londresko Parlamentua, estilo neoklasikoan egina eta gotiko berrituaren ezaugarriak dituena. v Margolaritza. XVIII. mendean sortu zen benetako margolaritza eskola britainiarra (William Hogarth, Joshua Reynolds, Thomas Gainsborough eta Richard Wilson), ordurarteko kanpoko eragina izan baitzen nagusi. William Turner eta John Constable dira XIX. mendeko ikuspegi margolari britainiar ezagunenak. Mende berekoak dira Dante Gabriel Rosseti, John Everett Millais eta William Holman Hunt, Italiako Errenazimentuaren estiloa erabili zuten margolariak. XX. mendeko eskultore ezagunenak Barbara Hepworth, Henry Moore eta Reg Butler dira, eta margolariak Augustus John, Ben Nicholson, Paul Nash, Stanley Spencer, Graham Sutherland, Francis Bacon, David Hockney eta beste asko. ■ Historia. Erromatarrak iritsi baino lehenagoko Britainiako biztanleak zeltak ziren (Galesko britoiak, Eskoziako piktoak eta Britainiako bretoiak). Erromako probintziak (Britannia) V. mendea arte iraun zuen, eta gaurko Ingalaterra eta Gales hartzen zituen. V. mendean iparraldeko tribuek Britainia hartu zuten, baina eraso horiek ez zuten eragin handirik izan Galesen eta Eskozian. Kristautasuna VI. eta VII. mendeetan hedatu zen Britainiara. VIII. eta XIX. mendeetan bikingoak (daniarrak) iritsi ziren Britainiako kostaldera, eta bertan armadak eratu zituzten konkistak egiteko. IX. mendean Alfredo Handiak (Wessex-ko agintariak) Ingalaterra batu zuen daniarren kontra borrokatzeko, eta garai horretan bertan Malcolm II.ak Eskoziako erreinua sortu zuen. Gilen Normandiakoak Ingalaterra konkistatu zuen (Gilen I.a). Normandiako erregeek estatu feudala eratu zuten Ingalaterran. XI. mendeaz geroztik, Eskozia Ingalaterrako koroaren eraginpean izan zen. Henrike II.ak XII. mendean Irlanda konkistatu zuen. XIII. mendean Eduardo I.ak Gales konkistatu zuen eta Ingalaterrako printzerri bihurtu zuen, eta Eskozia bereganatzen ere ahalegindu zen. 1314ean Robert Brucek Eskoziaren independentzia irabazi zuen ingelesen kontra (1371n estuardotarrak izan ziren Eskoziako erregeak). Ingalaterran, berriz, tudortarrak izan ziren agintari Arrosen Gerraren ondoren (1455-1485). Henrike VIII.ak Gales Ingalaterrarekin batu zuen. 1603an Eskoziako Jakue VI.ak Ingalaterrako erregetza hartu zuen, eta Jakue I.a Ingalaterrako eta Eskoziako errege izan zen. 1707an Ingalaterrak eta Eskoziak Batasun Hitzarmena sinatu eta Britainia Handiko erreinua eratu zuten. 1801ean, Napoleonen inperioaren garaian, Britainia Handia eta Irlanda elkartu egin ziren, eta Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batua eratu zuten. Victoria erreginaren garaian (1837-1901) britainiarren kolonialismoak aurrera egin zuen inoiz baino neurri handiagoan, nahiz eta lehendik hartuak zituen zenbait lurraldek garai berean independentzia lortu zuten (Kanada, Australia). Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren, Irlandan Britainia Handiaren kontrako istiluak sortu ziren, eta 1921ean Irlandako Estatu Askeak indar hartu zuen. Geroztik Erresuma Batuan Ulster edo Ipar Irlanda geratu da soilik. 1970. urtetik aurrera Britainia Handiak armada bidali zuen Ipar Irlandara, Irlandarekin batasuna nahi zutenei kontra egiteko. Geroztik katolikoen (Irlandarekin batzearen aldekoak) eta protestanteen (Erresuma Batuaren aldekoak) arteko borrokak ez du etenik izan. v Azken urteak. 1979ko hauteskundeetan alderdi kontserbadorea irten zen garaile, Margaret Thatcher buru zela. Buruzagi berriak neurri zorrotzak jarri zituen abian inflazioa jaitsarazteko, eta hainbat plangintza antolatu zuen estatuak ekonomian zuen zeregina gutxitzeko. Barne nahiz kanpo politika gogorra bultzatu zuen Thatcher-ek: 1981ean, IRAko hainbat presok gose greba egin zituzten preso politikotzat har zitezen. Baina gobernuak ez zuen onartu presoekin hitz egitea eta greba egileetako hamabi lagun hil ziren. 1982an Margaret Thatcher-ek Errege Ontziteriko gudaroste bat bidali zuen Malvinetako uharteetara Argentinako Batzorde Militarraren kontra borroka egiteko, militarrek Stanley portua hartu baitzuten. 45 eguneko gerraren ondoren, britainiar gudarosteak uharteak berriz ere bereganatzea lortu zuen. 1984an, Opioaren Lehenengo Gerraren ondoren izenpetutako hitzarmen baten arabera, Britainia Handiak Hong Kong-eko burujabetasuna Txinari eman zion (1997ko abendutik aurrera aplikatzekoa). Thatcher gobernuan egon zen bitartean, sindikalismoak ahultze handia izan zuen, eta kide asko galdu zuten industrian. Hala, garrantzi handikoa izan zen 1984-1985 bitartean meatzaritzan egin zen greba, eta poliziaren eta greban zeudenen artean gatazka larriak izan ziren. Horren ondorioz, sindikatuek galera handiak izan zituzten. 1987an Margaret Thatcher hirugarren aldiz hautatu zuten Lehen Ministro. Bere politikak ordu arteko bideari jarraitu zion: ekonomiaren liberalizazioa, estatuaren enpresen pribatizazioa, zergen erreforma eta sindikatuekiko zorroztasuna; kanpo politikari dagokionez, jarrera gogorra izan zuen Europako Erkidegoarekin. 1989. urtearen erdialdean ekonomiaren egoerak okerrera egin zuen, zenbait urte on izan ondoren. Horrez gainera, zerga berri bat ezarri zen (pol tax, biztanle guztiek ordaindu behar zuten zerga, beren diru sarrerak edozein izanik ere), eta horrek erantzun gogorra izan zuen. ■ Azkenik, 1990ean Margaret Thatcherrek gobernua bere alderdikide John Major-en esku utzi zuen. Lehen Ministro berriak berehala kendu zuen pol tax zerga, eta neurri jakin batzuk hartu zituen gaixoek, emakume langileek eta herritar gabetuenek babesa izan zezaten. Gobernuak inflazioa jaistea lortu zuen (1990etik 1991ra bitartean, % 10etik % 3,8ra jaitsi zen), eta baita interes tipoak jaistea ere (% 15etik % 9,5era). Hala eta guztiz ere, ekonomia gelditasun handian zegoen: 1991n industria ekoizpenak atzera egin zuen, eta enpresa txiki asko itxi ziren. Langabezia tasak ere gora jarraitzen zuen (% 9tik gora 1991. urte bukaeran). Hirietan, istilu izugarriak izan ziren (1991ko iraila): Cardiff, Newcastle, Birmingham eta Oxforden gazteak kalera irten ziren protesta egitera. 1992ko hauteskundeetan kontserbadoreek laugarren aldiz lortu zuten garaipena. Baina, 1993. urteaz geroztik, kontserbadoreek zenbait gorabehera izan zituzten, langabeziaren larritasunak eraginda batez ere. Urte horretan bertan, Londresek eta Dublinek hitzarmen bat izenpetu zuten Ipar Irlandako egoera zela-eta, eta horrela hasi ziren bakerako harremanak. ■ 1997ko hauteskundeetan laboristek irabazi zituzten hauteskundeak, Tony Blair buru zela. Urte horretan bertan, Blair-ek Ipar Irlandarekin negoziazioetan jarraitzeko asmoa azaldu zuen. IRAk su-etena adierazi zuen eta Sinn Fein alderdiak elkarrizketetan parte hartu ahal izan zuen. Hainbat hilabetetan negoziazioetan egon ondoren, 1998an hitzarmen bat izenpetu zen (Stormont-eko gazteluan), zeinetan biltzar autonomo bat eta ministerio batzorde bat osatzea aipatzen zen, biltzar horretako kideek eta Irlandako Lehen Ministroak kide zituela. Urte horretako urrian, Gordon Brown Finantza ministroak adierazi zuen Erresuma Batuak ez zuela euroa onartuko, baina 2002. urtetik aurrera kontuan hartuko zuela gai hori. 1997an Diana Galesko printzesa auto istripu batean hil zen Parisen, eta heriotza horrek eragin handia izan zuen Erresuma Batuko biztanleengan. 1997an bi plebiszito egin ziren Galesen eta Eskozian, eta haien arabera lurralde horiei aginpide autonomiko handiagoa eman zitzaien. 1998ko urte hasieran, Ipar Irlandari buruzko negoziazioak bake formula berri bat onartu zuen, eta urte horretan egin zen plebiszito baten arabera, Ipar Irlandako biztanleen % 70ek ontzat eman zuen. 1998an Scotland Yard-ek Augusto Pinochet jenerala atxilotu zuen Espainiako justiziak hala eskatuta. Legez ezin zela atxilotuta eduki, eta askatu egin zuten, baina ez zuten Espainiaren eskakizuna bete; 1999an Txilera itzuli zen. 1999an Blair-en gobernuak hainbat gorabehera politikori egin behar izan zion aurre, bai barne politikan bai kanpo politikan. Nazioarteko gorabeherei dagokionez, Erresuma Batuak Kosovoko gatazkan parte hartu izanak, batetik, eta, bestetik, OTAN-ek Jugoslaviako Errepublika federalaren kontra egin zuen eraso militarrean parte hartzeak bestetik, gorabeherak sortu zituen intelektualen eta hiru alderdi nagusien artean. Barne politikari dagokionez, urte horretan atentatu arrazista asko izan zen (Soho auzoan, Brixton-en eta Brick Lane auzoan Londresen). 2005ean IRAk aditzera eman zuen borroka armatua utziko zuela; handik gutxira, nazioarteko aditu batzorde batek ziurtatu zuen IRAk bere armategiak baliogabetu zituela. 2007ko maiatzaz geroztik, Sin Feinn alderdiak (independentziazalea) eta Alderdi Unionistak (Erresuma Batuarekin bat egitearen aldekoa) elkarrekin gobernatzen dute Ipar Irlandan. 2001ean, Tony Blairrek irabazi zituen berriz ere hauteskundeak. 2003an, Tony Blairrek Azoreetako Goi Bileran parte hartu zuen; bilera horretan ultimatum bat eman zitzaion Iraki, herrialde hori inbaditu baino 24 ordu lehenago. Erresuma Batuan, mundu osoan bezala, sekulako protestak izan ziren erabaki horren kontra, eta Blairrek gaitzespen handia izan zuen bere herritarren aldetik. Hala ere, 2005ean berriz irabazi zituen hauteskundeak. 2007 arte izan zen lehendakaria, urte horretan, dimisioa eman zuen eta Gordon Brown izendatu zuten haren ordez lehendakari.
http://www.direct.gov.uk/en/index.htm