Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

errepide

iz. Bide zabala, automobilak ibil daitezen prestatua.  v  Historia. Persiarrek, asiriarrek, babiloniarrek, kartagotarrek, etruskoek, txinatarrek eta peruarrek bazituzten errepideak baina haiek egindakoen arrastorik ordea, gaur egun ez da ia geratzen. Persiako errege bideak, esaterako, 2.857 kilometro zituen eta K.a. 3500. urtetik K.o. 300. urtera bitartean erabili zen. Erromatarrak izan ziren, baina, errepideak egiteko teknikak lantzen hasi ziren lehendabizikoak; beren inperioa hedatzeko eta zaintzeko 85.000 kilometroko errepide sarea hedatu zuten; inperioren gainbeherarekin batera galduz joan ziren arren, horietako zenbaitek iraun du gaur egunera arte (ik. galtzada). Erdi Aroan erromes-bide nagusiei eutsi zitzaien, errepide berririk egin gabe, itsasoa edo ibaiak zirelako merkataritzararako bide nagusiak. XVIII mendean, errepideak egitearai berriro ekin zitzaionean gainazal hobeak lantzen hasi ziren (Trésaguet frantziarra eta Teldford eta Mc Adam eskoziarrak nabarmendu ziren lagintza horretan), harik eta 1902an makadan izenekoa nagusitu zen arte; harri koskor zanpatuz egina zen alkaterna geruzaz estalita. Gaur egun, berebil kopurua haztearekin batera hedatu dira errepide sareak ere.  v  Errepide motak. Autobideak, bidegurutzerik gabeak, berebil kopuru eta lastertasun handitarako egokituak daudenak; errepide nagusiak, hiri nagusiak elkarrean artean eta nazioko mugekin lotzen dituztenak; herrialde artekoak, herrialdeetako hiri eta herri nagusiak elkarren artean lotzen dituztenak; herrietakoak herrien artekoak eta herria eta auzoak lotzen dituztenak.