Errenteria
Gipuzkoa iparraldeko udalerria (Donostialdea eskualdea). Mugak: iparraldean Lezo eta Pasaia, ekialdean Oiartzun, mendebalean Hernani eta Donostia, eta hegoaldean Arano eta Goizueta (Nafarroa). Goratasuna 5 m. 31 km2; 1997ko datuen arabera, 39.538 biztanle ditu, aurreko erroldan baino askoz gutxiago (errenteriarrak, oreretarrak). Gipuzkoako hirugarren herria da, jende kopuruari dagokionez. Oiartzun errekak zeharkatzen du udalerria iparraldetik. Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa 1996an: 11.379 euskaldun, 8.635 ia euskaldun eta 18.968 erdaldun. Industria hiria da (janari industria, zurgintza, papergintza, makineria, metalurgia), jende askok zerbitzuetan lan egiten duen arren. v Historia. Errenteria Oiartzunen mendean egon zen 1320. urtean, eskaera ugariren ondoren, Gaztelako Alfontso XI.a erregeak bertako biztanleei hiri gutuna eman zien arte. Villanueva de Oiarso izena hartu zuen hiri harresidun berriak. Errenteriaren garrantzia areagotuz joan zen heinean, gero eta lehia biziagoak izan zituen Oiartzungo haranarekin. 1491. urtean, Errege Katolikoek bi herrien arteko administrazio loturak eten zituzten. Pasaiko portua auzi izan du Errenteriak mendeetan zehar. Oiartzun ibaiaren bokaleko sarreran dagoelarik, Errenteriak bazuen bere kaia, baina XIV. mendeaz geroztik gero eta eskubide gutxiago izan zuen sartu-irteeren gainean eta Donostiak, batez ere, eta Hondarribiak gorde zituzten eskubide guztiak Pasaia burujabe izan arte. XVIII. mendearen hasieran txalupa batzuk eta hiruzpalau batel baizik ez zuten errenteriarrek. Sute ikaragarriak bizi izan ditu Errenteriak historian zehar: frantsesek su eman zioten herriari 1476. urtean herria hartu zutenean, 1512. urtean beste hainbeste gertatu zen nafarren alde ziharduten osteak herriaz jabetu zirenean, eta handiena 1638. urtean gertatu zen. Urte hartan Condé printzearen osteek herria suntsitu zuten eta hirurehun etxetatik hamaika baizik ez zen zutik geratu. Lehen Karlistadaren garaian garaian bi alderdiek hartu zuten Errenteria 1835-1837 urteen artean. XIX. mende erdialdean eraiki ziren Errenteriako lehen industriak (Xenpelar bertsolaria bertako langilea zen) eta izugarri garatu zen komunikabideen azpiegitura (Irun, Oiartzun eta Lezorako errepideak, Madril-Irun burdinbidea). XX. mendearen lehen erdialdean hasi zen Errenteriako herria handitzen eta 1960 eta ondorengo urteez geroztik hazkunde demografiko handia izan du, Espainia barneko etorkin askok bertan bizitzen jarri direlarik; hala, 1975. urtean Errenteriako biztanleen % 17,64 baizik ez zen bertan jaioa.