Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

errealismo

iz. Literaturan eta ertietan, errealitatea den bezala irudikatzea helburutzat duen joera.  v  Art. eta Lit. Irudimenaren idealizazioa baztertzen du errealismoak, eta gauzen itxuran oinarritutako azterketa xehea proposatzen du. Era horretara, errealismoa zentzu zabalean hartuta, kultura askotako arteetan azaltzen da. Hala ere, eredu gisa ez zen kontuan hartu Frantzian XIX. mendearen erdialdea iritsi arte. Hain zuzen ere, Frantziako eleberrian eta margolaritzan 1850-1880 bitarteko urteetan nabarmendu zen errealismoa joera nagusi gisa. Garai horretan esaten zenez, ez dira iraganeko ereduak errepikatu behar, aldiz izadiak eta eguneroko bizitzak eskaintzen dituen ereduak zehaztasunez adierazi behar dira.  v  Errealismoa margolaritzan. G. Courbet izan zen bere burua errealistatzat jo zuen lehenengo margolaria. Honoré Daumier marrazkilari errealista ezaguna izan zen XIX. mendea, eta aurrekoak bezala Frantziako gizartearen kritika zorrotza egin zuen bere marrazkien bidez. Estatu Batuetan W. Homer-en eta Thomas Eakins-en erretratuak, itsasontzien irudiak eta bestelako lanak errealitatearen irudikatze zehatzak dira. XX. menderako errealismoa joera sendo bihurtu zen, eta eguneroko bizitzaren ikuspegiak modu zehatz apaindu gabean azaldu nahi zituen, arteak politikaren eta gizartearen kritika egin zezan. Alemanian The neue Sachlichkeit (Objetibotasun berria) izeneko eskola sortu zen, eta errealismoa erabiliz Lehen Mundu Gerraren ondorengo giroa kritikatu zuen.  v  Errealismoa eleberrian. Literaturan Honoré de Balzac izan zen errealismoaren aitzindaria. Frantziako gizarte osoaren irudikatzea egin nahi izan zuen La comédie humaine eleberri sailean. Courbet margolariaren eragina nabaria izan zen hasierako garaian. Champfleury frantses kazetariak Courbeten teoriak literaturara egokitu zituen Le Réalisme (1857) idatzian. Bertan adierazten zuenez, eleberrietako heroiak, izaki berezia edo bikaina gabe, gizon arrunta izan behar zuen. 1857an G. Flaubertek Madame Bovary argitaratu zuen, errealismoaren lehenengo obra garrantzitsua eta Europan eredu bilakatuko zena. Flauberten L’Éducation sentimentale (1870) ere lan aipagarria da. Era berean, Jules eta Edmond Goncourt idazle errealista garrantzitsuak izan ziren. 1860-70 bitarteko urteetan Europako literaturan joera nagusia izan zen errealismoa. Errealismoaren xehetasunak, objetibotasuna eta gizartearen kritika eleberrigintza modernoaren alderdi nagusi bilakatu ziren garai horretatik aurrera. Charles Dickens, A. Trollope, G. Eliot Ingalaterran, Ivan Turgenev, L. Tolstoi, F. Dostoievski Errusian, W.D. Howells Estatu Batuetan, eta G. Keller eta hasierako T. Mann Alemanian, guztiek erabili zituzten elementu errealistak beren eleberrietan. Errealismoaren adarra da naturalismoa, errealitatearen adierazpen are leialagoa proposatzen duena. Émile Zola izan zen naturalismoko idazle nagusia.  v  Fil. Gauzakiak zentzuek antzematen dituztenean edo ezagutza orokorrean berez errealak direla eta berezko izaera dutela baieztatzen duen filosofia joera. Hitz berria izan arren, Greziako (Platonen ideien errealismoa: izakiak idein islatze hutsak dira) eta Erdi Aroko filosofiako (Santo Tomasen errealismoa, unibertsalen azterketa egitean) zenbait alderdi azaltzeko erabiltzen da, eta baita ere gaurko filosofian, idealismoaren aurka, izakiak subjektuaren ezagutzaz kanpokoak direla baieztatzen duen joeraren arabera.  v  Filosofiaren historian errealismoaren ardura nagusi eta iraunkorrena “unibertsal” delakoen errealitatea izan da, alegia, gauzen sailkapena gobernatzen duten hastapen edo arauenak. Oinarrizko gauza dirudi norbaitek gauza berri bat aulki gisa sailkatzen duenean (aulkia bada) eta ez, esate baterako, elefante gisa, zuzen ari dela uste izatea. Nolanahi ere, zuzentasun horren nolakotasuna ez da oso argia. Errealisten ustez, bereizketa horiek munduan dauden sailkapenak islatzen dituzte; haien aurka, kontzeptualisten aburuan unibertsalak adimenaren kategoria dira, eta nominalistek, berriz, areago mugatzen dute gauzen izaera, hain zuzen ere izen hutsak izatera.