errazionalismo
iz. Fil. Arrazoia ezagutza ororen iturri bakartzat duen filosofia joera. Joera horren arabera zentzuen bidez lortzen den esperientzia bitarteko bat besterik ez da ezagutza unibertsalak aurkitzeko. Errazionalismoak filosofia teoria gisa bere hasiera XVII. mendean Descartesengan badu ere, teoriaren hainbat ikusmolde emanak ziren ordurako antzina, Platonen ideien teorian, besteak beste. Descartesek metodo deduktiboa eratu zuen, matematikan oinarritua. Descartesen teoriaren jarraitzaile Spinoza, Leibniz eta Wolff izan ziren. XIX. mendearen bukaeran errazionalismoak kritika ugari jaso zituen batez ere Hegelek errazionalismoari eman zion bideagatik; hark errazionalismoa ulermenaren metafisika dela eta arrazoia izaki guztiek duten gaia dela onartzen baitzuen. Kantek bestalde, bere filosofiaren eredu izan zuen errazionalismoa. Hala ere, beste zenbait filosofia joera errazionalismoan bideratuak dira, Husserl-en fenomenologia, Lukácks-en marxismoa eta positibismo logikoa, besteak beste. Psikologian, teologian, historian, artean, eta ezagutzaren beste eremuetan garatutako ikusmoldea da errazionalismoa.