Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erotasun

iz. Zentzu edo adimen urritasuna. || Zorotasuna.  v  Erotasuna adimen funtzioen hondamen kronikoa eta gehienetan gero eta larriagotuz doana izaten da; garuneko aldaketa patologikoek sortu ohi dute. Erotasuna zaharrengan agertzen da gehienetan, eta epe laburreko oroimenaren galerarekin hasi ohi da; hasieran agertu ohi diren beste sintomak nahasmendua, erresumina, eta izaera aldaketak izan ohi dira. Lehen bereizi egiten ziren erotasuna eta senilitatea, hori 65 urtetik aurrekoengan azaltzen zelakoan; “zahartzaro aurreko erotasuna” edo Alzheimerren eritasuna izena gaixo gazteagoak zirenean erabiltzen zen. Gaur egun, ordea, garbi dago erotasunak jotako guztiek sintoma berak dituztela, adin bereizketarik gabe.  v  Erotasunak jotako gehienek Alzheimerren eritasuna izan ohi dute, garuneko hondamen gero eta handiagoa eta itzulerarik gabea dena. Eriak epe laburreko oroimena eta adimen funtzio gorenak galtzen ditu, hala nola arrazoiketa abstraktua eta epaitzeko gaitasuna, eta oroimen falta larriagoak izaten ditu gero, espazio eta denbora irizpideak galtzera daramana. Ahalmen fisikoak eta psikikoak galtzen dira pixkanaka, eta azkenean koherentziaz hitz egiteko gaitasuna. Erotasunaren beste eragile nagusia garuneko arterioesklerosia da, kasu guztietako % 20a izaten dena. Erotasunaren aurrerabidea batzuetan zerbait geldi badaiteke ere, ez dago erabateko sendabiderik.