Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ermua

Bizkaiko ekialdeko udalerria (Durangaldea). Mugak: iparraldean Mallabia eta Eibar (Gipuzkoa), ekialdean Eibar (Gipuzkoa), mendebalean Mallabia, eta hegoaldean Zaldibar. 6,49 km2. 1997ko datuen arabera, 17.324 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (ermuarrak). Bertatik igarotzen da Ego, Deba ibaiaren adarra. Euskara, bizkaiera; hizkuntza banaketa 1996an: 3.880 euskaldun, 3.315 ia euskaldun eta 9.857 erdaldun. Industria herria da (Eibarrek eragin handia izan du honetan), eta langile gehienak industrian ari dira (metalurgia, makina erreminta, armagintza). Aipagarriak dira XVII. mendeko Santiago parroki eliza, XVI. mendeko Santa Margaritaren komentua, XVIII. mendeko Valdespina jauregia eta Santukua eta Lobiano dorretxeak.  v  Historia. Joan Bizkaiko jaunak eman zion hiri gutuna 1372. urtean, Logroñoko foruen arabera. Konbentzioko gerraren garaian frantsesek ia erabat suntsitu zuten. Lehen Gerra Karlistan su eman zioten Valdespinoko markesaren jauregiari. 1950-1970 urteetan, Espainiako etorkin asko joan ziren Ermura bizitzera eta izugarri hazi zen Ermuako biztanle kopurua (698, 1900. urtean; 1.046, 1940an; 1.277, 1950ean; 14.651, 1970ean, 18.705, 1981ean).