Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erdi Aro

Historia banatzen den zatietako bat, Antzinaroaren bukeratik Aro modernoaren hasiera arte, hots, Konstantinoplaren hartzera arte maizenik (1453), hedatzen dena.  v  Erromako inperioaren gainbehera hartzen da Erdi Aroaren hasieratzat, baina ezin da garai bat zehatzik finkatu, lurralde eta herri guztietan ez baitzen aldi berean izan Antzinarotik erdi Arorako aldaketa, eta, bestalde, adituak ez baitatoz bat Antzinaroko gizarte eta ekonomia antolamenduaren deuseztatzea gertatu zen garaiari dagokionez; batzuen ustez barbaroen lehen erasoekin etorri zen behera Antzinaroko antolamendua, beste batzuen ustez, geroago izan zen. Bi aldi bereizten dira Erdi Aroan: Goiz Erdi Aroa (hasieratik XI. mendera) eta Berant Erdi Aroa (XII. mendetik XVI.era bitartekoa). Erdi Aro izena Italiako Errenazimentuko humanistek jarri zioten garai hari. Greziakoa eta Erromakoa kulturaren eta artearen urrezko aroak izan zirela uste zen Errenazimentuan, eta horrexegatik, aro haietako oparotasuna berreskuratzeko ahaleginak egin ziren. Garrantzi handiko bi aro horien artean ordea, beste aldi bat izan zen, aldi “iluna”, batere oparotasunik gabekotzat zutena. Tarteko hori Greziako eta Erromako kulturetatik Errenazimenturako igarobidetzat hartu zen; bien arteko zubia besterik ez zen beraz. Erromak barbaroen erasoak jasan zituen eta aberastasuna galdu zuen pixkanaka; konkistak alde batera utzi behar izan zituen, jendea beldurrez bizi zen, ekonomia arazo larriak izan ziren, ez baitzuten gerra harrapakinik eta inperioa mantentzeko diru asko behar zen. Erromako Inperioaren gainbeherak sortutako egoera horren ondorioz, politika eta gizarte nahasmendu ugari izan zen Goiz Erdi Aroan; hiri asko desagertu egin ziren, salerosketak indarra galdu zuen eta nekazaritza bihurtu zen ekonomia jarduera nagusia, gizarte feudala ezarri zen eta jauntxoen mendean geratu ziren nekazariak. Kristautasunak indar handia hartu zuen, hori izan baitzen herritarrei egonkortasun eta lasaitasun pixka bat eskaini zien egitura bakarra; Elizak asetu zuen herriak zuen babes beharra. Elizaren indar hartzeak ere istiluak sortu zituen ordea; aginpide zibila beren esku zuten erakundeek Elizaren gaineko aginpidea ere bazutela zioten, eta Elizak, berriz, zibilen gaineko aginpidea nahi zuen. Berant Erdi Aroan gauzak aldatu egin ziren; Goiz Erdi Aroko segurtasunik eza gainditu zen, ekonomia aurreramendu handiak izan ziren, burgesia sortu zen eta salerosketak indar handia hartu zuen, nekazaritzan egindako aurrerapenekin elikadura asko hobetu zen eta biztanleria hazi egin zen. Pixkanaka feudalismoaren egiturak galdu ziren Berant Erdi Aroan.  v  Artea. Erdi Aroko arteari buruz hitz egiten denean, Erdi Aro Beherekoaz hitz egiten da batez ere, Goiz Erdi Aroan ez baitzen arte higikunde aipagarririk izan. Berant Erdi Aroan ordea, ordu arteko etsipena alde batera utzi eta gauzak eraikitzeko eta lantzeko gogo bizia biztu zen. Erromanikoa eta gotikoa izan ziren Erdi Aroko arte higikunde nagusiak. ik. erromaniko, gotiko.  v  Erdi Aroa Euskal Herrian. Urte horietan, euskal esparruaren iparraldeko eremu erromatartuenak (Gaskonia-Akitania) gainerako euskaldunengandik banatu ziren. Arabiarrak Iberiako penintsulan sartu ondoren (711), bertan zeuden bisigodoen erresuma deuseztatu eta, Europako mendebalean nagusi ziren karolingiarrekin gorabehera handiak izan ondoren, euskaldunen lehen erregetzaren garaia heldu zen, elizak bultzatua eta aginte karolingiarretik berex (Eneko Aritza, 824). Nafarroako erreinua Elizaren begietan, arabiarrei zabalbidea eragotziko zien erreinua zen, erabat kristauturik ez bazegoen ere. Garai haietan abiatu zen, benetan, Erdi Aroa Euskal Herrian. IX. mendean hasi ziren, Europako beste lurraldeetan bezala, erlijio ordena berriak Euskal Herrian zabaltzen eta XII. mende bukaeratik aurrera hasi ziren bertako hiriak antolatzen. Sistema feudala besteetan baino ahulagoa bazen ere (euskaldunen jatorrizko legeriak oztopoak jarri zizkion, baina ahaide nagusien arteko gerrak jaun handikien arteko tirabira garratzen erakusle dira), Nafarroan gorpuztu zen erregetzak ezin eutsi izan zion euskaldun guztien batasunari. Kanpoko herrien etengabeko erasoek zerikusi handia izan zuten horretan. Erdi Aroan betiere, merkataritzak garrantzi handia izan zuen Euskal Herrian, itsas merkataritzak bereziki. Euskaldunen bizimoduan eragin handia izan zuen Ameriketako aurkikundeak (1492), Nafarroako konkistak (1512) eta, ondorioz, euskaldunen eta beste nazio txikien kaltetan Europan nagusitu ziren estatu handien sorrerak. Bestalde, aurrez sortutako merkataritza kapitalismoaren sendotzeak eta humanismoari loturiko ideologia molde berrien zabaltzeak ekarri zuten Euskal Herrira, Europa guztira bezala, Erdi Aroaren bukaera.