eraztun
iz. Urrezko, zilarrezko… uztai txikia, behatzean apaingarri gisa jartzen dena. ◊ Hed. Burdinazko eraztun modukoa, handia, zerbait lotzeko edo, nonbait finkatzen dena. v Elektr. Sare elektriko batean, azken eroalea lehenarekin lotura eginez ixten den eroale segida. Garrantzi handia du autoerregulazioaren teknikarako. v Indar elektrikoak sortutako eraztunak. Priestley-k metalezko xafla batean zehar deskarga elektrikoak pasarazi zituelarik, ikusi zuen kolorezko eraztun zentrokide batzuk sortzen zirela, indar elektrikoaren berotasunak eraginda. Eraztun horiei Priestley-ren eraztunak deitu izan zaie. v Mat. Multzo batek bi barne eragiketa baditu eta batekiko Abelen taldea bada eta bestearekiko tasun elkarkorra eta banakorra betetzen baditu esaten da eraztuna dela. Lehenari batuketa deitzen zaio eta bigarrenari biderketa. Eraztun hori trukakorra da, bigarren eragiketarekiko tasun trukakorra ere betetzen badu. Eta banakoa deitzen zaio bigarren eragiketak elementu neutro bat (eta bat bakarra) badu.