eraso 2
iz. Erasotzea. ◊ Taldekako kiroletan, tanto bat egiteko, aurkaria gainditzeko saioa.
■ Psik. Azken helburutzat pertsona edo objekturen bati min egitea edo kaltea sortzea duen ekintza. Gizakiarengan jarrera oldarkorraren arrazoiak suntsiketa sena, edozein frustrazioren aurreko erreakzioa edo egoera jakinen aurrean ikasitako erantzuna izan daitezke. Sigmund Freud austriar neurologoak, erasoari buruzko bere lehen lanetan, honela definitu zuen: gizakiak plazerra aurkitzeko edo mina eragozteko ezintasunaren aurrean daukan funtsezko erreakzioa. Geroagoko ikerketen bidez, ordea, gizaki guztiek suntsiketa eta heriotzarako berezko sena dutela ondorioztatu zuen. Beste psikologo batzuen iritziz, erasorako jarrera frustrazioari lotuta dago. John Dollard estatubatuar psikoterapeutaren hipotesiaren arabera, erasoaren intentsitatea proportzionala da frustrazioaren intentsitateari buruz. Bere ustez, une jakin batean helburura hurbiltzea eragozten duen oztopoa da frustrazioa. Teoria hori oso eztabaidatua izan zen bere garaian, eta gaur egun ez da ziurtzat hartzen; gaur egun, frustrazioa aldez aurretik jarrera oldarkorra izatera bultza dezakeen emozio egoeratzat hartua da, baina zenbait egoeratan eta pertsona batzuengan bakarrik eragiten duela onartzen da. Ikasketak ere garrantzi handia du erasorako jarrera honetan: gizakiek nahiz animaliek, erasorako jarrera sorrarazten duten egoeretan, modu oldarkorrean ez erantzuten ikas dezakete, eta, aitzitik, erreakzio bortitza eragiten ez duten egoeretan oldarkor jokatzen ikasi.