Erandio
Bizkaiko iparraldeko udalerria (Txorierri). Mugak: iparraldean Laukiz, Urduliz eta Berango, ekialdean Loiu, Sondika eta Deustua, mendebalean Leioa, eta hegoaldean Ibaizabal ibaia. 1997ko datuen arabera, 23.313 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (erandiotarrak). Auzoak: Altzaga, Aresti, Arriaga, Astrabudua, Asua, Axpe, Canpa, Fanos, Desengaño, Goierri, Landabaso, Lauro, Lutxana, Sarria, Tartanga eta Zarraga. Ibaizabal ibaiaren eskuinaldean dago eta Asua ibaia igarotzen da udalerritik. Euskara, bizkaiera, Hizkuntza banaketa 1996an: 4.388 euskaldun, 5.142 ia euskaldun eta 13.734 erdaldun. Gaur egun industria herria da: kimika industria, elektrizitzate industria, burdingintza eta ontziolak. Aipagarriak dira XII. mendeko Santa Maria eliza (XV-XVI. mendeetan berriro eraikia) eta Martiartuko eta Asuako dorreak. v Historia. Erandioko herria oso zaharra da. 1100. urtean eraiki zuten bertako Santa Maria eliza, eta bertako parrokia Ibaizabal ibaiaren behe arroko nagusietakoa izan zen. Uribeko merindadeko elizatea zen. XV. mendean, bandoen arteko gatazkak izan ziren bertan. XVI. mendean oinaztarren alderdian zegoen, Gernikako Batzarretxean. 1718. urtean, Erandioko herriak gogor erantzun zion Filipe V.a Espainiako erregeak aduanak Ebro ibaitik Bidasoara eta itsas portuetara aldatu zitezen eman zuen dekretuari. Urte hartako irailaren 5ean jaitsi ziren erandiotarrak Bilbora eta eraso zieten bertako handiki batzuei, agindu horrekin zerikusia zutela eta. Arana diputatu nagusia hil zen gatazka haietan. Azaroaren 11n Gaztelako armada sartu zen Bilbon eta matxinadaren buruzagiak atxilo hartu zituen. 1719ko urtarrilaren 7an indarrik gabe utzi zuten dekretua baina hilabete bereko 16an preso hartutako 16 lagun, erandiotar batzuk tarteko, hil zituzten garrotean, Bilboko kartzelan. XIX. mende bukaera arte, Erandio nekazari herria zen, nagusiki. 1865. urtean Erandioko auzo bihurtu zen Lutxana. XIX. mendearen bukaeran, burdinbideari esker, industriak indarra hartu zuen Erandion eta handik aurrera izugarri aldatu zen bertako bizimodua. 1940. urtean Bilboko udalerriaren barnean geratu zen eta 1980tik aurrera udalerria da berriz ere, Bilbotik bereizi ondoren.