Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

eraikuntza

iz. Eraikitzea; eraikitzen den gauza.  v  Eraikuntza gizakiak egin dezakeen eraikitze lana ez ezik, gauza bat eraikitzeko (egoitza, zubi bat, babestokia…) behar diren osagaien ordenatze prozesua ere bada. Hala ere, hitz hori etxegintzaz aritzean erabiltzen da batez ere. Hala, eraikuntza etxea eta gizonaren bestelako egonlekuak egiteko behar diren osagaiak bata bestearen gainean ordenean kokatzea duen langintza da.  v  Historia. Zibilizazioaren aurrerabidea, modu egonkorrean bizitzeko baldintza egokiak sortu eta baldintza horiek ez galtzea da batez ere. Hala, eraikuntza, bai etxeena edo babes tokiena, bai bizitza sozial eta erlijiozkorako topagune eta leku bereziena, betidanik izan da gizonarentzako garrantzi handiko langintza. Egiptoko eta Babiloniako zibilizazio zaharrek ezaguna zuten zurlana, igeltsaritza eta beste. Greziako marmolezko eraikuntzak, galtzadak, akueduktuak, Erromako tenpluak eta koliseoak, Egiptoko piramideak, Txinako Harresi Handia, maia herrien tenpluak, aspaldiko eraikuntza lanen erakusgarri dira. Europan, erromatarren inperioa erori eta aro modernoa arte eraikuntza nagusi gehienak elizak ziren; handik aurrera eraikuntza zibilak indar handia hartu zuen. Industria iraultzaz gero indar handia eman zitzaion eraikitze lanari, eta etxegintza enpresak sortu ziren. Bigarren Mundu Gerraz gero berrikuntza asko izan da eraikuntzan erabiltzen ziren gaietan (beira, altzairu herdoigaitza, aluminioa, metal esmalteztatuak etab.) eta tekniketan. Eraikitzaile asko, etxegileak batez ere, aurrez egindako piezak erabiltzen hasi dira, eraikuntza modernoan.