Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

entzumen

iz. Gorputzaren zentzumena, belarrian datzana eta hotsak sumarazten dituena.  v  Goi mailako ornodun guztiek eta eboluzio maila apalagoko beste animalia askok dute entzumen sistema bat eta organo berezi espezializatu bat hotsak jasotzeko. Gizonari dagokionez, belarria du entzumenaren organoa. Giza entzumenak hotsen dardarak jaso eta garunera bidaltzen ditu belarrian zehar. Horrela bada, entzumenaren bidez hotsak jaso ezezik, lehendik entzundakoak gogoratu eta horiei esanahi jakin bat emateko ere bada gai gizona.  v  Hiru ezaugarri nagusi dituzte entzumenaren bidez jasotzen diren hotsek: ozentasuna, tonua eta tinbrea. Belarriak hots bat jasotzen duenean horrek duen energia kopuruari deitzen zaio ozentasuna. Tonuak, berriz, hotsen dardaren maiztasuna neurtzen du. Giza entzumenak soinu harmonikoa (musikako notak) jaso dezan, tarte eta muga jakin batzuen barruan egon behar du hotsen dardara maiztasunak (hots uhinak hamabost ziklo egin behar ditu segundoko gutxienez, eta hogei mila ziklo gehienez); hala, muga horietatik gora dardara oso bizia bada, hotsa burrunda bihurtzen da, zarata sortzen da, alegia; muga horietatik behera, berriz, hotsak infrahots bilakatzen dira. Gizonak ezin ditu infrahotsak entzun; zenbait animaliak bai, ordea, horien zentzumenarentzat dardara maiztasunen mugak zabalagoak baitira. Normalean, hotsek ez dute dardara bakarra izaten, gehienetan hainbat tonu izaten baitituzte aldi berean. Denetan bizienari tonu nagusia edo funtsezkoa deitzen zaio, eta hori osatzen duten tonuak bigarren mailakoak edo harmonikoak dira. Tonu harmoniko horiek hotsari ematen dioten nolakotasuna da tinbrea. Hori neurtzeko, beste ezaugarria du entzumenak: tonuak bereizteko ahalmena; hau da, tonu harmoniko asko dituen hotsen artean, tonu nagusi jakin bat bereizteko ahalmena.