Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

entente

iz.Estatuen arteko itun batzuei eman zaien izena.  v  Ententearen Kontseilua. Beninen, Volta Garaiaren, Boli Kosta-ren, eta Nigerren artean 1959an, Frantziaren laguntzarekin, izenpetzaileen aurrerabidea sustatzeko izenpeturiko politikazko eta eta ekonomiazko ituna.  v  Entente txikia. 1920ean eta 1921ean Txekoslovakiaren, Errumaniaren eta Jugoslaviaren artean izenpeturiko ituna. Trianongo hitzarmenean finkaturiko lurraldetasuna babesteko xedez sortu zen Entente txikia, Hungariaren interesen kontra betiere. Frantzia entente horren alde agertu zen. Alemaniarrek Renania eskuratu zutenean (1936) eta Jugoslaviak Musolinirekin hitzarmen politikoa izenpetu zuenean (1937) oso hondatua geratu zen, eta 1939an Txekoslovakia desagertzearekin batera desagertu zen Entente txikia ere.  v  Entente hirukoitza. 1898-1905 urte bitartean, Frantzia bere bakartzetik ateratzeko asmoz, Delcassék antolatutako hitzarmen sistema. Frantziak, Britainia Handiak eta Errusiak izenpetu zuten; haien helburuetako bat Alemaniaren, Austriaren eta Italiaren arteko hitzarmenari (Aliantza hirukoitza) kontra egitea zen. 1907ra arte ez zen finkatu erabat ententea, eta 1914ean Alemaniaren jarrerak behartu zituen elkartzera.  v  Balkanetako ententea. Titulesco Errumaniako ministroak eraginda, 1934ean Belgradon izenpetu ziren hitzarmenak. Izenpetzaileak Turkia, Errumania, Grezia eta Jugoslavia izan ziren. Hitzarmenaren arabera, ez ziren bortizkeriaz baliatuko beren artean istilurik sortuz gero, eta aintzat hartuko zuten Versallesko hizarmenean finkatutako lurraldetasuna.  v  Adiskidetasuneko ententea (L´entente cordiale). Luis Filipe Frantziako erregeak eta Victoria Britainia Handikoak eragin zuten bi herri horien arteko hurbiltasun berriaren egoera izendatzeko izena (1904). Bismarckek sortutako sistemari kontra egiteko egin zen adiskidetasun ahalegin hori. Adiskidetasuneko ententeak, lehendik zegoen Errusiaren eta Frantziaren arteko hitzarmena osatu zuen eta Entente hirukoitza sortu zen.