enpirismo
iz. Esperientzia soilean oinarritzen den metodoa; ezaguera iturburu bakartzat esperientzia onartzen duen filosofia sistema. v Fil. Ezagutzen den guztia esperientziaren emaitza dela dioen teoria. Enpirismoaren arabera, a priorizko arrazoiketan oinarritutako ezagutza, edota ez da, izan, edota egia «analitiko»-etara mugatzen da; egia horiek ez dute edukirik, eta adierazteko erabiltzen diren hitzen esanahiak ematen die balioa. Hortaz, logikaren a priorizko balioa eta zientziazko edukia elkartu nahi dituen metafisika ezinezkoa da. Orobat, ezinezkoa da metodo errazionala, arrazoibidez lortua; munduaren nolakotasuna ezin da arrazoi edo hausnarketa hutsaren bitartez aurkitu. Ezagutzaren teorian aurkako teoria errazionalismoarena izan da; kontzeptuak sortzezkoak ala ikasiak ote diren izan da eztabaida gai nagusia. Historian zehar enpirismoaren aldeko filosofo nagusiak anglo-saxoiak izan dira: Ockham edo Occamgo Gilen (XIV. mendea), Francis Bacon (XVI. mendea), John Locke (XVII. mendea), George Berkeley (XVII-XVIII. mendeak), David Hume (XVIII. mendea), John Stuart Mill eta Bertrand Russell (bata XIX. mendekoa eta XX.goa bestea). Beste enpirista talde bat, anglo-saxoien tradiziotik kanpokoa, Vienako Zirkuluko Positibista Logikoena da. Horien ustez, baiezpen metafisikoek ez dute zentzurik, guztiz egiaztaezinak baitira. v Metafisika enpirikoan, kontingentziaz lotutako gauzaki multzoa da mundua; gauzaki horiek, beharrez baino areago, erregulartasunez elkartzen dira, eta ez dute loturarik gizonaz gaineko arrazoi edo patuarekin. Ikuspuntu horren arabera, loturak aztertzen ditu zientziak eta, antzemandako erregulartasunetan oinarrituta, aurretiazko iragarpenak egitea du helburu. Areago, baliozko iritziek ez dute lekurik zientzian, ikerlariaren zaletasun subjetiboak izaten baitira. Enpirismoak, besteak beste, nominalismoaren tesietan izan du eragin handia; nominalismoaren arabera, osotasunak, bere ataletatik sortutako errealitatea baino ez du. v Filosofiaren alorretik kanpora, enpirismoak garrantzi handia izan du medikuntzan betidanik, esperientzian oinarrituriko zientzia den neurrian. Galenoren garaietara arte eragin handia izan zuen Alexandriako medikuntza eskolak (K.a. III. mendetik aurrera), ildo honetatik abiatu eta sendagintzaren aurrerapena oztopatzen zituzten aurreiritzi eta ideia metafisikoak baztertzen saiatu baitzen.