Emakume Abertzale Batza
1922. urtean Bilbon emakume abertzaleak biltzeko asmoz sortu zen erakundea. Hasieran, Eli Gallastegik zuzendutako Juventud Vasca erakundearen barnean egon zen emakume taldea eta 1931. urtera arte ez zen Bilbotik kanpora zabaldu. Primo de Riveraren diktaduraren garaian (1923-1930) legez kanpo utzi zuten Emakume Abertzale Batza. 1931. urtetik aurrera erakunde horrek berezko autonomiaz jardun zuen, Euzko Alderdi Jeltzalearen bidetik betiere, eta Hego Euskal Herriko herri eta hirietara zabaltzen hasi zen, eta urte haren bukaeran egin ziren koordinaziorako lehen urratsak. Oro har, emakumeek eginkizun osagarria baizik ez zuten abertzaleen antolamenduan, eta ez zen ikusi emakumeen erakunde batek nolako helburu berezirik izan zezakeen. Horrenbestez, emakumeen zeregina, propaganda egiteaz gainera, irakaskuntzara, eriak zaintzera eta gizarte babesera mugatzen zen batez ere. Jarduera honen fruitu sortu ziren, Emakume Abertzale Batza eta Juventud Vasca erakundeek bultzatuta, Euzko Irakasle Batza eta Euzko Ikastola Batza, Euskal Herriko lehen ikastola mugimendua (1932) eta egituratu ziren, halaber, Euskal Gurutze Gorriko lehen taldeak (Euzko Gexosain Bazpatza, 1934). v 1933. urtetik aurrera, emakume abertzaleak gero eta zuzenago hasi ziren parte hartzen politikako eginkizunetan, eta munta handiko hizlari sorta bat osatu zen emakumeen artean. 1936ko uztailean, Francoren matxinadan, 28.500 emakume inguru zegoen Emakume Abertzale Batzan, Bizkaian eta Gipuzkoan gehienak. Gerra garaian, emakume abertzaleek eriak zaintzen eta laguntza lanetan jardun zuten batez ere. Gerra ondoko zapalkuntza gogorraren ondorioz, erabat deuseztatu zen emakume abertzaleen erakundea. Karmele Errazti, Haydée de Agirre, Polixene de Trabudua, Julene Urzelay, Maria Teresa Zabala eta Nekane Legorburu izan ziren Emakume Abertzale Batza erakundeko partaide ezagunenak.
- emagizontze
- emai
- emaile
- emaitza
- emakoi
- Emakume Abertzale Batza
- emakume
- emakumekeria
- emakumetasun
- emakumetu, emakume(tu), emakumetzen
- emakumetxo