Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elkarri

Elkarrizketaren eta akordioaren aldeko giza higikundea, 1992ko abenduaren 20an sortua. Elkarriren helburua Euskal Herriak bizi duen indarkeria eta gatazka egoera elkarrizketa eta akordio egoera batera eramatearen alde lan egitea da; egoera hori modu baikor eta biolentziarik gabekoan aldatzea, alegia, ahalik eta herritar gehienen partaidetzaz. Sortu zenez geroztik, bere burua "gizarte mugimendu anitz eta independentea" bezala aurkezturik, Euskal Herriaren bakearen aldeko jardueran ezinbesteko erreferentzia bilakatu da Elkarri. Gizartearen aldetik jaso duen babesari dagokionez, esan daiteke bere kanpainetan 250.000 sinadura lortu dituela, baita kuota ordaintzen duten 3.500 kide eta 1.200 kide eta laguntzaile ere. Oro har, gatazkaren aurrean lankidetza eta elkarrizketa proposatzen ditu Elkarrik, giza eskubideen aldeko defentsan eta indarkeriazko adierazpen guztiak gaitzetsiz. Elkarriren lan esparruei dagokienez, nazioarte mailan bake prozesu batek beharko lituzkeen laguntzak lantzen aritu da; maila politikoan, adostasun espazio bat osatzeko beharrezkoak izango liratekeen baldintzak ikertzen aritu da, eta horretarako, bere metodologia propioa sortu du. Prozesu horretan gizartearen esku-hartzea, besteak beste, zabalik dituen 100dik gora lantegitan landu du, kanpaina publiko zabalak bideratzeari uko egin gabe betiere. Egiturari dagokionez, Lantegi lokalak dira oinarrizko osagaia, eta horiez gainera, Lantegi Nazional iraunkorra, Herrialde Lantegiak, Herrialde Batzarrak, Batzar Orokorra eta Ez-ohiko batzarrak ditu. Erabakiak Lantegi lokaletan, Herrialde Batzarretan eta Batzar Orokorretan hartzen dira. ■ Elkarriren ibilbidean aldi desberdinak bereiz daitezke 2000. urtea arte. Elkarrik berak hiru etapatan sailkatzen du bere jarduera. Lehen etapa 1992ko abendutik 1995eko bukaerara luzatu zen. Lehen etapa hartan, elkarrizketaren filosofia hedatzea izan zuen helburu, bai gatazka konpondu ahal izateko, bai indarkeriari aurre egin ahal izateko. "Elkarrizketa eta distentsioa" izan zen aldi haren goiburua. Bigarren etapan, 1996aren hasieratik 1997aren bukaerara, indar politiko guztien artean adostasunerako gune bideragarriak aurkitzea izan zen lanaren ardatza, eta eduki politiko jakin batzuei buruzko eztabaida bultzatu zuten egindako bost proposamenen inguruan. Ezagunena Konstituzioaren Xedapen Gehigarriari eta eskubide historikoei buruzko proposamena izan zen. Aldi horri buruz egin zen balorazioan, garai hartan helburu izan zituzten alderdi politikoen ausardia eta borondate eza eta epeltasuna azpimarratu ditu Elkarrik. Hori zela eta, hirugarren etapari ekin zioten 1997an, jarrera eraikitzailea proposatuz. Lau irizpide kontutan izanda –gauzak erraztea, elkarlanean aritzea, inor ez baztertzea eta demokrazia areagotzea–, jarrera eraikitzaileak sustatu nahi izan zituen Elkarrik. Etapa horretan, ETAren su-etenaren eta Lizarrako Itunaren alde agertu zen beti, eta horiexek izan ziren Elkarriren lanaren ardatz nagusietako bi. 1998ko martxoan egindako ez ohiko Batzarrean, bi urterako plana zehaztu zuen Elkarrik Eraiki proiektuaren baitan. Proiektu horren inguruan jarduera publiko ugari egin zuten, eta alorkako egitasmo bereziak ere bideratu zituzten, besteak beste Nafarroari buruzkoa, biolentziaren biktimei buruzkoa, su-etenaren hausturari buruzkoa edota presoei buruzkoa. 2000. urtean, aurreko epea bukatuta, hortik aurrerako misioa zehaztu zuen Elkarrik bere plan estrategikoan. Azken urteotan Jonan Fernandez aritu da Koordinatzaile bezala, eta Bittor Aierdi izan da gizarte higikundearen bozeramailea.