Elisha ben Abuyah
Bere fedeari uko egin zion irakasle judua (K.o. I. m.). Mendeetan zehar, bera izan da judu heretikoen eredu nagusia. Talmud liburuan zeharka baizik ez dute aipatzen, eta Aher izenaz beti (hebreeraz «bestea»). Fedearen ageriko ukapen horrek min handia eragin zuen juduen artean, Palestinan lege judua irakasten zuten 200 tanna edo maisu nagusien artekoa baitzen. Etxe oneko semea zen; txikitatik hasi zen irakasle ikasketetan, baina tanna bihurtu ondoren uko egin zion ortodoxia hari. Talmuden arabera, Elishak saldu egin zituen bere herrikideak, Adriano Erromako enperadoreak juduen aurkako jazarpenari ekin zionean. Talmud liburuan Elishari buruz agertzen diren datuak ez dira batere garbiak; datu batzuen arabera, kultura eta filosofia grekoetan barrena abiatu zen. Beste pasarte batzuek bi jainkoengan sinisten zuela adierazten dute, beste hainbatek kristau bihurtu zela diote eta, azkenik, bada gnostikoekin harreman estuak izan zituela adierazten duenik. Dena den, Elisharen apostasiaren jatorria misterioz betea ageri da gaur egun ere, argi dago Elisharen jokaera hark eragin handia izan zuela bere garaian.