Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elektra

Mit. Antzinako Greziako elezaharretako pertsonaia. Agamenonen eta Klitemnestraren alaba, eta Oresteren eta Ifigeniaren arreba zen. Klitemnestrak eta haren maitale zen Egistok Agamenon hil zutenean, bere anaia Oreste salbatu zuen Elektrak, Fozidara bidaliz. Elektrak, Egistoren esklabo bihurturik, isilpean prestatu zuen bere mendekua, eta Oreste itzuli zenean, Egisto eta Klitemnestra hiltzen lagundu zion hari. Ateneak deituta bildu zen Areopagoko auzitegiak heriotzara zigortu zuen Elektra, baina Apolok salbatu zuen.  v  Gurasoenganako maitasuna eta justiziazko mendekua irudikatzen ditu Elektrak. Eskilok, Sofoklek eta Euripidek pertsonaia horren inguruan idatzi zituzten hainbat antzerti lan. Idazle modernoen artean ere lekua izan du: Crébillon (1708) eta Jean Giraudoux (1937) frantsesek, Pérez Galdos espainiarrak (1901), Hugo von Hoffmanstahl austriarrak (1905) eta O’Neill amerikarrak (1932) erabili dute beren lanetan.  v  Elektraren konplexua. Elektraren elezaharrean oinarrituta, C. J. Jung-ek erabilitako esapidea, alabaren aitarenganako neurriz gaindiko maitasuna eta amarenganako gogo gaiztoa adierazteko. ik. Ediporen konplexua.