Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elefantina

(Egiptoeraz, Yeb «Elefanteen hiria»; gaur egun, Jazïrat Aswän) Niloko uhartea, Goi Egipton, Assuango hiriaren parean. Elefantina hegoalderako abiapuntua zen; bertan egiten zen Nubiako azoka (hortik deitura, Nubiako elefanteen boliagatik, alegia). Antzinako egiptoarrek Nilo ibaia bertan sortzen zela uste zuten. Hiriko jainko nagusia Khnum zen, ur-jauzietako jainkoa. Uhartearen hego-ekialdean dago Estrabonek deskribatu zuen nilometro ospetsua, Nilo ibaiaren uholde aldia neurtzekoa, alegia. XX. mendearen hasieran aurkitu ziren persiarrengandik ihesi joan ziren juduek arameeraz idatzitako papiroak (K.a. V. m.).