Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ekain

Gipuzkoako historiaurreko aztarnategia, Debako udalerriaren lurretan dagoena, Zestoatik hurbil. 150 metroko luzera du leizeak. Paleolitoko gizonek marrazturiko zaldiak, hartzak, oreinak, arrainak, ahuntzak, eta beste piztia batzuk ikus daitezke Ekaingo leizean. Haitzuloko pinturak Andoni Albisturrek eta Rafael Rezabalek, Azpeitiko Antxieta Kultura Taldeko kideek, aurkitu zituzten 1969. urtean. Azaldu diren aztarnen arabera, Madeleine aldiaren azkenaldiko, Azil aldiko eta Mesolitoko obrak dira. Pinturak bost ataletan banatu dira. Gehienak animalienak diren arren, irudi jakinik gabeko arrastoak eta marrazkiak ere ageri dira. Aipagarriak dira haitzuloan ageri diren hartzen, zaldien eta bisonteen irudiak, gai gorriz eta beltzez eginak. Ekaingo leizea Euskal Herriko historiaurreko aztarnategi nagusietako eta interesgarrienetako bat da. Hala, leizearen eta horrek gordetzen dituen marrazkien erreplika bat eraikitzea erabaki zen, jatorrizkoak kontserbatzearren. Erreplika, Ekainberri deritzona, jatorrizko leizetik 500 bat metrora dago, eta Rénaud Sanson aditu frantziarraren ZK Productions enpresak egin du.