Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ebanjelio

(Gr. Evangelion, «berri ona») iz. Berri Ona, Jesu Kristoren ikaskizuna eta legea. Ebanjelio Santua predikatzea. || Jesu Kristoren bizitza, mirariak eta ikaskizunak biltzen dituzten liburuetako bakoitza. Ebanjelio sinoptikoak (San Mateo, San Marko eta San Lukarenak). Ebanjelioko aberats galdua. || Apaizak mezan irakurtzen duen Ebanjelioetako pasartea. Hau da, ene kristauak, gaurko Ebanjelioak dakarrena. || Pasarte hori irakurtzen den mezaren zatia. Mezaren hasieratik Ebanjelioraino.  v  Ebanjelio kanonikoak. Itun Berriko lehen lau liburuak dira: San Mateorena, San Markorena, San Lukarena eta San Joanena. Tradizioaren arabera, San Mateok idatzi zuen lehen ebanjelioa, arameeraz, eta horretan oinarritu ziren gertaera ia berberak kontatzen dituzten San Markoren eta San Lukaren ebanjelioak. Sinoptiko izena hartzen dute horrexegatik. San Joanen bertsioa oso bestelakoa da. Ebanjelioak ahoz zabaldu ziren hasieran, eta idatzi egin ziren gerokoan (K.o. 60-110 bitartean seguruenik). San Mateoren Ebanjelioak 28 atal ditu, eta grekoz dago idatzita (K.o. 80-90). Judu kristautu batek idatzia da. Erreinua etorri dela eta Jesusengan Legea eta Profetak betetzen direla iragarri zuen. San Markoren Ebanjelioak 16 kapitulu ditu, eta grekoz idatzita dago. Gaur egun direnen artean zaharrena da (K.o. 70 inguruan). Erromatarren artean, Erroman bertan agian, bizi zen judu kristautu batek idatzia da. Jesus gizonaren eta Jainkoaren semea dela zabaltzea du helburu nagusia. San Lukaren Ebanjelioak 24 kapitulu ditu, eta grekoz idatzita dago (K.o. 80-90). Europako edo Asiako talde batean bizi zen greziar kristautu batek idatzia da. Kristautasuna unibertsala dela aldarrikatzen du. San Joanen Ebanjelioak 21 kapitulu ditu, grekoz idatzita. Sinoptikoen aldean, guztiz bestelakoa da. Pasarte ugari dakar, beste hiruretan azaltzen ez dena (Kanako ezteiak, bizitzako ogiaren hitzaldia, Lazaroren piztuera). Historia eta sinboloak elkartzen ditu, ikuspuntu teologiko eta liturgiko batez. Nahiko berandu idatzia da (95-100).  v  Ebanjelari bakoitzari sinbolo bana eman ohi zaio, Ezekielen (1,10) testuari jarraituz: gizona (San Mateo), lehoia (San Marko), zezena (San Luka), eta arranoa (San Joan). Kristo gailurrean duen mendi batetik isurtzen diren lau ibaien bidez ere irudikatu ohi dira ebanjelioak.  v  Ebanjelio apokrifoak. Elizak kanonikotzat onartu ez dituen Ebanjelioak.  v  Santo Tomasen Ebanjelioa da garrantzitsuena. Santo Tomasen izenean dator Goi Egiptoko hilobi batean aurkitu zen Ebanjelioa. Eskuizkribua bat zetorren IV. mendeko idazki gnostiko batzuekin, baina askoz lehenago idatzia da, zalantzarik gabe. Kopto sahidiarrera egindako itzulpena edo egokitzapena da. Santo Tomasen Ebanjelioak ehun eta hamalau «esaera» dakartza, asko Itun Berritik hitzez hitz hartuak, eta beste batzuk ez, baina denak Jesusen ahoan jarriak. Kutsu gnostizista nabaria dario Ebanjelio honi, eta garrantzi handia du Lehen Elizako heresia hori ezagutzeko. ik. apokrifoak.