Duncan Dhu
Gipuzkoar musika taldea, 1984an, Mikel Erentxun, Diego Vasallo eta Juan Ramón Vilesek osatu zutena. 1985ean diskoetxe batekin lehen kontratua sinatu ondoren, bi single kaleratu zituzten: Mi amor eta Bésame. Urte hartan bertan, disko labur bat kaleratu zuten, Por Tierras Escocesas izenekoa. Bigarren lan luzea 1986an eman zuten argitara, Canciones izenburupean. Bertan jasotzen ziren Cien gaviotas eta Esos ojos negros bezalako kantu ezagunak; 60 kontzertutik gorako bira egin zuten eta salmenta izugarriak lortu zituen disko honek. 1988an El grito del Tiempo kaleratu zuten; Espainian ezik, Latinoamerikan ere arrakasta handia lortu zuen disko horrek. 1989an, beren diskoetxeak artean argitara eman gabeko lanak kaleratu zituen. Londresera joan eta The Atractions, Brynsley Swchartz, Bob Andrews eta Nick Love bezalako musikarien laguntzarekin kaleratu zuten Autobiografia lana. Estatu Batuetan zehar bira egin zuten eta 1990ean, Grammy sarien barnean sari baterako izendatuak izan ziren. Autobiografia lana atzerriko hainbat herrialdetan argitaratu zen. Aurkezpen biraren ostean, taldekideek bakarkako lanari ekin zioten, baina ez zuten taldea erabat alboratu, Supernova izeneko lana kaleratu baitzuten 1991n. 1994an, Piedras izeneko lana eman zuten argitara. Handik urtebetera, taldearen 10. urteurrena ospatzen zenez, zuzeneko diskoa grabatu zuten Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Teatro Victoria Eugenia izena zuen, hain zuzen, disko hark. 1998an, Colección, 1985-1998 bilduma kaleratu zuten, taldearen arrakastak biltzen zirena. Lan horren inguruan elkartu ziren bira egiteko bakoitza bere karrerari emanda zeuden Mikel Erentxun eta Diego Vasallo.