Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

diru

iz. Salgai trukean edo salgaien balioa gauzatzeko berariaz erabiltzen den gauzakia, metalezko pieza edo papera bereziki. || (Multzokari gisa). Ehun pezeta, gaur egun, diru gutxi da. Diru nahia, premia. Diru laguntza, diru arazoak. Diru gutxi, asko, ugari izan. Diru etxeak: ik. banku, aurrezki kutxa. Dirua ezarri, ipini (irabazpide batean). Eskuko dirua. Dirua egin: aberastu. Osasunik ezin da dirutan erosi. Diru gabeko handirasuna, su gaberik bertzuna. Kartari karta, eta burdinari dirua (esaerak). || (Ez multzokari bezala). Diru pieza. ik. txanpon. Zilarrezko diru bat. Frantziako dirua libera da. v  Diru papera. Paperezko dirua, urretan alda daitekeena.|| Dirutan. Dirutan edo aletan ordaindu. || (Diru) xehe. Eskuarteko dirua, eguneroko beharretarako esku artean erabiltzen dena. || Diru(-)zorro. Dirua gordetzeko eta eramateko zorro edo poltsa txikia.  v Ekon. Ekonomia trukeak egiteko gizarteak onartua duen gaia da dirua. Pertsonaz pertsona eta lurraldez lurralde ibiltzen da, salerosketa errazten du, eta aberastasuna neurtzeko gai nagusia da. Ekonomiaren teoriaren ardatza da dirua. Diruak duen itxurak edo egituratzeak garrantzi txikia du; ondasun eta zerbitzuen truke erabiltzea du ezaugarri nagusia. Historian zehar gai ugari erabili da diruaren ordez salerosketak egiteko, baina XVII. mendeaz geroztik txanponak eta paperak erabili izan dira batez ere. Teoria ekonomikoaren arabera lau ezaugarri ditu diruak: 1. Ondasunak eta zerbitzuak ordaintzeko gizarteak onartzen duen gaia izatea. 2. Balio eta diru kontuetarako neurria izatea, kostuak, emaitzak, galerak. zenbatzeko. 3. Ordainketa atzeratuak egiteko, maileguak eskatzeko, eta geroko ordainketak erabakitzeko balio izatea. 4. Aberastasun kopurua pilatzeko gai izatea.         
Metalak, urrea eta zilarra batez ere, erabiltzen ziren diruaren ordez orain dela 4.000 urte, baina azken 2.600 urteetan txanponak erabili dira gehienbat. XVIII. eta XIX. mendeetan bankuak diru papera erabiltzen hasi ziren, eta ekonomiaren garapenean diru mota hori bilakatu zen nagusi. Bestalde, jendearentzat dirua bankuetako paperak dira, eta bankuetan eta beste erakundeetan dagoen diru kopurua. Ekonomiaren arabera berriz, diru kopuru osoa ez da banakakoen diru kopuruen batuketa, zenbaki hori zenbait aldiz errepikatua baizik. Eta hori, hain zuzen ere, gordailuetan dagoen dirua maileguetan banatzen delako, eta mailegu horiek diru kopurua biderkatu egiten dutelako. v Diru politika. Gobernuek hartzen dituzten neurriek, ekonomiaren gorabeheretan eragina izan dezaten, osatzen dute diru politika, batez ere diru erreserbak, interesak eta maileguak aldatuz burutzen direnak. Gehienetan neurri horiek finantza politika jakin batekin batera hartzen dira helburu jakinak lortzeko. v Diru erreserba. Pertsonek eta bankuek duten aktibo erabilgarria da. Multzo horretakoak dira txanponak, merkatuan dabilen dirua, eta gordailu eskuragarriak. Zenbait ekonomialarik uste du talde horretan sartzekoak direla epe jakinetako gordailuak ere, gobernuak erabil baititzake behar izanez gero. v Diru merkatua. Erakunde, talde eta bezeroen multzoak osatzen du, eta zenbait arauren arabera dirua uztea edo erabiltzea du helburu. Ez ditu, kapitalaren merkatuak bezala, epe luzeetako eta tartekoetako kredituak kontuan hartzen. Diru merkatuak bankuetako agiriak ere ez ditu bere baitan hartzen, baina epe laburrean diru bihur daitekeen aktibo kopuru zabala bai, hala nola gobernu baloreak, letrak edo bankuetako onarpenak.