diputazio
iz. Espainiako eta Hego Euskal Herriko probintzia bakoitzeko diputatu edo ahaldunek osatzen duten erakundea, eskualdeari dagozkion arazoetan aginpidea duena. ik. aldundi. v Egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioen ahalmen politikoa murritza da Eusko Jaurlaritza eta Estatuko gobernuaren aldean, zenbait aginpidetan bederen. Nafarroako Diputazioa, aldiz, Nafarroako gobernua bera da eta Estatuko gobernuaren mendeko da. Diputazioak edo aldundiak Batzar Nagusien funtzionamendu geldoa arintzeko sortu ziren. Arian arian Batzarren aginte eragilea diputazioaren esku geratu zen eta Batzar Nagusiek kontrolatzen zuten diputatuen lana. Lau herrialdeetako diputazioek antzak eta aldeak izan zituzten eta dituzte elkarren artean, baina ez dira nahasi behar hala ere, XIX. mendean liberalek Espainiako estatuan Cadizko Gorteetatik aurrera (1812) sortu zituzten probintzia diputazioekin, euskaldunak foralak eta aurreragokoak izateaz gainera, erakunde politikoak baitziren, Espainiako probintzia diputazioak ez bezala (haiek ekonomia eta administrazio ahalmenak zituzten batez ere). v Arabako Diputazioa. Arabako Diputazio Nagusia 1476. urtean sortu zen, erakunde eragile gisa. Beste herrialdeetan ez bezala, Diputatu Nagusiak berak jasotzen zuen aginte hori, hiru urterako. Koadrilek aukeraturiko zazpi ahaldunek hautatzen zuten Diputatu Nagusia, eta Batzar Nagusiek gehiengo absolutuz onartu behar izaten zuten izendapena. Diputatu Nagusiak aholku gisa bil zitzakeen Batzar bereziak eta Kontadoreak. Batzar Nagusiek izendatu edota kentzen zituzten Diputatu Nagusiaren agindupean zeuden enplegatu guztiak: Gobernu Idazkaria, Kontadore Nagusia, Artxibozaina, Diruzaina, Tabako eta Gatz Administraria, Arkitektoa, Miñoien Komandantea eta Inprimatzailea. 1877ko azaroaren 21ean desegin zen Arabako antzinako Foru Diputazioa. Egun Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren eta Lurralde Historikoen Legearen arabera zuzentzen dira Arabako Batzar Nagusiak eta Diputazioa. v Bizkaiko Diputazioa. Bizkaiko Diputazio Nagusia XVI. mendea baino lehen sortu zen eta Errejimentu Nagusia edo jaurerriko gobernua zuzentzen zuen. Hiru pertsonak osatzen zuten diputazioa hasieran: korrejidoreak edo jaunaren ordezkariak eta Errejimentu Nagusian aukeraturiko beste bi ahaldunek. Diputazio Nagusiak Errejimentu Berezia izena izan zuen 1645 arte. Korrejidorea zen Diputazioko lehendakaria, beste bi diputatuk eskubide berberak zituzten arren. Diputazioak deituta biltzen ziren Batzar Nagusiak eta bertako bileretan diputatuek hitz egin zezaketen, baina ez zuten boto eskubiderik. Diputazioak gauzatu behar zituen Batzar Nagusiek hartutako erabakiak. Diputazioaren esku zeuden aginte militarra, zerga-biltzea eta ekonomia, segurtasuna, arazo juridikoak eta foruak osorik zaintzea. Batzar Nagusiek berretsi behar izaten zituzten Diputazioak erabakitakoak. 1695. urtean Diputazio Nagusia (zazpi ahaldunek osatua) eta Errejimentu Nagusia (hemeretzi ordezkarik osatua) bereizi egin ziren eta Diputazioak gero eta pisu handiagoa eskuratu zuen pixkana-pixkana. Gorabehera askoren ondoren, 1877ko maiatzean desegin zen Bizkaiko antzinako Foru Diputazioa. Egun Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren eta Lurralde Historikoen Legearen arabera zuzentzen dira Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Diputazioa. v Gipuzkoako Diputazioa. Gipuzkoako Diputazio Nagusia XVI. mendean jarri zen indarrean. Korrejidoreak edo erregearen ordezkariak, Batzar Nagusiek aukeraturiko ahaldunak eta Batzar Nagusiak biltzen ziren herriko udalak osatzen zuten Diputazioa. Osaketa hori aldatzeko saioak egin ziren 1628. eta 1709. urteetan baina aldaketa ez zen 1748. arte egin. Hartutako erabakiaren arabera, bi diputazio mota bereizi ziren. Urtetik urtera berritzea erabaki zen Diputazio arrunteko diputatu nagusia, eta horretarako urte hartan korrejidorea bizi zen herriko bizilagun bat aukeratzen zuten Batzar Nagusiek. Beste bizilagun bat hautatzen zuten ordezko eta herri bereko udalak aukeratzen zituen, udal batzarkideen artean, beste bi diputatuak. Diputazio Berezia urtean bitan biltzen zen eta, aurrekoez gainera, Gipuzkoa banaturik zegoen lau eskualdeek bana aukeraturiko ahaldunek eta Donostiak, Tolosak, Azpeitiak eta Azkoitiak, nork bere aldetik, aukeraturiko hiru ordezkarik osatzen zuten. Hau izan zen, gorabeherak gorabehera, Gipuzkoan nagusitu zen sistema. Gipuzkoako Diputazioaren aginte maila Bizkaia eta Arabako ahaldunen molde berekoa zen eta erabaki guztiek Batzar Nagusien onespena jaso behar zuten. Gipuzkoako Foru Aldundia 1877ko abenduaren 1ean desegin zen. Gaur egun Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren eta Lurralde Historikoen Legearen arabera zuzentzen dira Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Diputazioa. v Nafarroako Diputazioa. Nafarroako diputatu edo ahaldunak zergak biltzen zituzten errege gizonak ziren jatorriz (XV. mendea). 1501. urtean osatu zen Diputazioa, aristokraziako, elizako eta merindadeetako ordezkariek osatua. Helburua foruak begiratzea eta errege gobernuaren antolamendu berria bideratzea zen. Gaztelako koroaren mendean geratu ondoren, Nafarroa Garaiko Gorteek diputazio edo ahaldunez (bina ordezkari) osaturiko erakundea sortzea erabaki zuten, Nafarroako Erreinuko Diputazioa (1576). 1642. urtean zazpi diputatu izatea erabaki zuten: bat elizarena, bi militar, bi Iruñeak eta beste bi merindadeek, txandaka, aukeratutakoak. 1678an herriek merindadeetako ordezkariak hiriburuetako ordezkari zuzenak ez izatea erdietsi zuten eta honela osatu zen Diputazioa: diputatu bat elizaren aldetik (ordenetako abadeak ziren, txandaka, eta boto bat zuten), aitonen semeetako bi diputatu militar (bi boto), bi diputatu herrien aldetik (boto bat) eta bi diputatu Iruñeak aukeratuak (boto bat). Nafarroako diputazioak foruak eta legeak zaintzen zituen, herritasuna eman ziezaiekeen atzerritarrei, justizia arazoak bere gain zituen, mendi, bide eta herrilan eta hezkuntza zituen ardurapeko, eta Espainiako erregearen edozein agindu, onartzeko nahiz gaitzesteko ahalmena zuen. Diputazioak Gorteen aurrean azaldu behar zituen beti hartutako erabakiak eta asmo guztiak. 1841. urteko Ley Paccionada delakoaren ondorioz desagertu egin ziren Nafarroako Gorteak, Erreinuko Diputazioa eta Epaitegi bereziak eta Nafarroako Foru Diputazioa sortu. Erabaki honen ondoren arras murriztu ziren Nafarroak zituen eskubideak. Nafarroako Gobernua edo Diputazioa 1841eko hitzarmenezko legean oinarrituriko Foruaren Hobekuntzarako Legearen arabera egituratua dago gaur egun.