Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

dioxina

iz. Kim. Gai konposatua, kloroa karbono atomo batera edo gehiagotara lotua duena, toxikoa, eta kontzentrazio txikitan mutazioak eta minbizia eragin ditzakeena. Ez da dioxinaren sintesirako industriarik, eta zenbait belar eta bakterio hiltzaileetan besterik ez da existitzen; bestela, molekula aromatikoen oxidazioz sortzen da (transformadore elektrikoetan dauden zenbait konposatu, esate baterako), errekuntza baldintza berezietan, edo klorofenolen fabrikazioan izaten diren bigarren mailako erreakzioen ondorioz. Dioxinak ondorio biologiko ugari ditu laborategiko animaliengan. Toxikotasun maila oso handia du, izan ere, dioxina mikrogramo bat nahikoa baita akuri bat hiltzeko. Arratoian immunologia erantzunen galera eragiten du, elikaduran bost astetan bilioiko 15 zatiko kontzentrazioan emanez gero. Dioxinak, bestalde, minbizia sortzen du: elikagaietan bilioiko hamar zatitan agertzen denean gibelean tumoreak sortzen ditu arratoiarengan. Hala ere, badirudi gizakia ez dela arratoia bezain sentibera gai horrekiko. Dioxinak, askotan, hantura modukoak sortzen ditu larruazalean. Era horretako zauriak industriaguneetan ikusi dira, baina baita hondamen handiak izan diren inguruetan ere, Seveson adibidez (Italian). Epe luzeko eraginak, ordea, ez dira oso ondo ezagutzen. Susmoa dago bat-bateko abortuak eta sortzetiko akatsak eragiten dituela. Belar hiltzaile dioxinadunak erabiltzen ziren lantegi estatubatuar batean, 5.000 laguni azterketa egin zitzaien eta zazpik minbizi berezi bat zuten (ehun bigunetako sarkoma). Hala ere, hiru gertaera handi dira dioxinak eragindako arazoen larritasuna nabarmen erakutsi dutenak. Lehenengo gertaera Vietnamgo gerra da, zeinean Estatu Batuetako gudarosteak defoliazio eragileak bota zituen herrialdearen hegoaldean; estatubatuar soldadu ohiek salatu dute dioxina dela beren osasun arazoen iturburua: digestio urritasuna, gorabeherak immunologia eta ugalketa sisteman, larruazaleko minbizi berezi bat, etab. Bigarren gertaera, Sevesoko triklorofenol lantegiko istripua izan da: 500 g eta 2 kg dioxina bitarte sakabanatu ziren istripuaren ondorioz (1976), inguru horretatik 15.000 lagun aterarazi ziren, eta ehunka behi eta zaldi hil ziren. Hirugarrena 1980an gertatu zen New Yorkeko estatuan: Love Canal bizilekuko biztanleak bertatik atera behar izan zuten, izan ere, dioxina ugari zuen kimika hondakindegi zahar baten gainean eginda baitzeuden beren etxeak.