Dieppe
Frantziako iparraldeko suprefetura hiria, Mantxako itsasartearen ertzean (Seine-Maritime). 26.111 biztanle. XIII. eta XVI. mendeko elizak. XV. mendeko gaztelua. Dieppe Frantziako bidaiari-portu nagusietakoa da (Dieppe-Newhaven itsasbidea). Horrez gainera, arrantza eta merkataritza portu garrantzitsua da oso (inportazioak: fruituak, artilea, kotoia; esportazioak: ardoa, fruituak, laboreak). Ontziolak. v Historia. Normandiako hiri zaharra, XII. mendetik aurrera hasi zen bertako portua garrantzi handia hartzen. Erlijio gerrek hondatu zuten hiria eta XVII. mendeko izurriteak sekulako triskantza egin zuen bertan. Armada ingeles-holandarrak 1694. urtean erabat suntsitu zuen. Bonbardaketa latzak jasan zituen Bigarren Mundu Gerran.