Dickens, Charles
Eleberrigile ingelesa (Landport, Portsmouth, 1812 - Gadshill, Rochester, 1870). Armadako diruzaintzako enplegatu baten semea, bigarrena zortzi anai-arreben artean. Haurtzaroko atsekabeek eta arreba Fannyren maitasunak eragin handia izan zuten bere obran. Haurtzaroko lotsak gogoan izan zituen beti, eta hala agindu bazuen ere, ezin egin izan zuen bere bizitzaren biografia. 1823an Londresa joan zen bizitzera bere familiarekin batera. Aita kartzelan sartu zuten eta betun lantegi batean lan egin behar izan zuen hamabi urte zituela. 1827an notario baten bulegoan hasi zen lanean eta ondoren Morning Herald egunkarian takigrafo gisa familia aurrera ateratzeko. Sketches for Boz (Boz-entzako zirriborroak) obra idatzi zuen. 1835. urtean liburuak harrera txarrik jaso ez zuela ikusita, Champman eta Hall argitaldariek umorezko liburu bat eskatu zioten eta Dickens-ek The Posthumous papers of Pickwick club (1837, Pickwick club-eko hilondoko paperak) obra idatzi zuen. Bi liburutan, garai hartako injustizia eta gehiegikeriak salatu zituen Dickensek, bere bizitzan zehar argitaratu zituen liburu guztietan bezala. Hunkigarriak dira, halaber The Adventures of Oliver Twist (1839) eta The Adventures of Nicholas Nickleby obretan (1839), The Old Curiosity Shop (1840, Antigoaleko gauzakien denda). 1840. urtean Estatu Batuetan barrena egin zuen bidaiaren ondoren, American notes (1842, Ameriketako oharrak) liburua idatzi zuen, eta bertan Ameriketako esklabo salerosle eta materialisten aurka hitz mingotsak erabili zituen. Carlyle historialariaren kutsua dario Barnaby Rudge historia eleberriari (1841). Britainiarren zurikeria eta Estatu Batuetako aberats berrien diru egarria azaldu zituen The life and adventures of Martin Chuzzlewit eleberrian (Martin Chuzzlewit-en bizitza eta abenturak, 1843). 1843-1845 urte bitartean argitara eman ziren Christmas Stories (Eguberrietako ipuinak, horietarik luzeena, Gabon kanta bat, Xabier Mendigurenek itzulia), The Chime (Erloju-ezkila) eta The Cricket on the Hearth (Sutondoko kilkerra), Ingalaterrako gizartea biziki hunkitu zuten. Dickens Europan zegoen 1848ko altxamendu iraultzaileak gertatu zirenean; Dombey and son (Donbey eta semea) argitaratu zuen urte hartan; bertan harrokeriaren zigorra ematen du aditzera. Haurtzaroa agertu zuen berriz ere David Copperfield kutsu autobiografikoko eleberrian (1849-1850) eta balio hutsalak Bleak House liburuan (1852-1853, Haize begiko etxea). Kapitalismo zapaltzailea salatu zuen Hard Times eleberrian (1854, Garai latzak). v Emazteak aktore batekin alde egiteko utzi zuenean (1858), Dickens-ek, etsita, Greats Expectations liburua (1861, Esperantza handiak) eta Our Mutual Friend (1864-1865, Elkarren laguna) eman zituen argitara. Great Exéctations eleberrian gaizkileen eta goi-mailako jendearen arteko lotura azaldu zuen. Errealitate bortitza, desira eta ametsak deskribatu zituen idazlea da Dickens eleberrigile ospetsua.
- dibortziatze
- dibortzio
- dibrankio
- dibujo*
- Dicastillo
- Dickens, Charles
- Dickinson, Emily
- Dicuil
- didaktika
- didaktiko
- Didelot, Charles