deskaltzifikazio
iz. Ehun, organo, organismo edo isurkari baten kaltzioa murriztea edo kentzea. Hezurren deskaltzifikazioa. Ur gogorren deskaltzifikazioa. v iz. Med. Deskaltzifikazioa D bitamina gabetasunak sortua da gehienetan. Bitamina horrek oinarrizko eginkizuna du kaltzioaren metabolismoan, eta haren gabeziak errakitismoa eragiten du haurrengan. Eritasun horren jatorriak eta mekanismoak era askotakoak dira, D bitamina gabeziaz gainera: bitamina hori gaizki xurgatzea, bere metabolismoaren edo fosforoaren metabolismoaren gorabeheraren bat, etab. Deskaltzifikazioak oinazeak, ezintasun funtzionala, hezurren desitxuratzea eta ohiz kanpoko nekea eragiten du, besteak beste. Diagnostikoa azterketa biologikoen bidez (azterketa horietan odolean kaltzio kopuru txikia dagoela ikusten da) eta erradiografien bidez (hezurretan pitzadurak, Looser-Milkmann ildoak esaten zaienak, erakusten dituzte) baieztatzen da. Tratamendua sorburuaren araberakoa izaten da, eta bitaminaren gutxitasunak sortua denean, D bitamina hartzea agintzen da.