Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Demostenes

(Gr. Dêmosthênes). Antzinako Atenasko hizlari eta politikari greziarra (K.a. 384 - K.a. 322). Bere zaindariak epaitegira eraman zituen, bere dirua xahutzen ziotelakoan. Kondairak dioenez, Demostenesek zailtasun handiak zituen ahoskatzerakoan eta, akats hori zuzentzearren, luzaroan mintzatu zen aho barnean harri koskorrak zituela. Besterentzat hitzaldiak prestatzen zituen logografo gisa, eta lan horretan hasi eta berehala ekin zion politikari (Simoriei buruz eta Megalopolitarrentzat hitzaldiak). Barbaroen inbasio arriskua eta espartarren asmoak salatuz, Atenasko demokraziaren babesle sutsu bihurtu zen. Alabaina, benetako irudi politikoa mazedoniarren aurkako hitzaldietan azaldu zuen Demostenesek: hiru Filipika (351-341), hiru Olintika (349-348) eta Bakeari buruz eta Kersonesoko auziei buruz hitzaldiek guztiz argitzen dute bere asmo politiko irmoa. K.a. 343. urtean Eskine-ren aurkako kanpainari ekin zion Demostenesek, K.a. 346. urtean Filipo mazedoniarrarekin eginiko negoziazioetan Atenasko interesen aurka jokatu zuelakoan (Enbaxada faltsuari buruz, K.a. 343). Eskine kargurik gabe utzi zuten. Berak bultzaturiko politikaren ondorioz, Filipo II.a mazedoniarrak Atenas eta Tebasko armada suntsitu zuen Keronean (K.a. 338) eta Demostenesen ospea itzali ez zen arren, bere alderdi politikoa gainbehera hasi zen. K.a. 324. urtean Atenas utzi behar izan zuen, ordaindu ezin zuen isun bat zela medio. Urtebete geroago itzuli zen Atenasa, baina mazedoniarren aurkako matxinadak porrot egin ondoren, Kalauria uhartean babes hartu, bertako Poseidonen tenpluan pozoia edan, eta bere burua hil zuen. Demostenesen hitzaldiek Atenasko oratoriaren maila gorena adierazten dute. Greziako oratoria Atenasko demokraziarekin batera galdu zen. Harrezkero, Demostenesen izena hitz egiteko etorriari lotua ageri da, eta filipika gudu hitzaldi sutsuei.