Delaunay, Robert
Frantses margolaria (Paris, 1885 - Montpellier, 1941). Gauguin eta Seurat-en neoinpresionismoaren eraginpean lanean hasi ondoren, 1908tik aurrera Cezanne-ren obrak balio berezia hartu zuen eta ikerketa kubisten bidetik abiatu zen Gleizes, Metzinger, Le Fauconnier eta Léger-ekin batera. Formen bereizketa egin zuen Saint-Sevérin (1909), Les Tours de Laon (1910-1912), La Ville de Paris (1910-1912) eta La Tour Eiffel (1910) sailetan. Kubistek ez bezala, argiak formak hautsi eta dinamismoa kolorearen bidez jasotzen duela proposatu zuen Delaunay-k, bere burua kubismoko heretikotzat joaz. Delaunay-ren obrek Kandinsky eta Klee-ren interesa piztu zuten. 1911 eta 1912. urteetan erakusketa batzuk egin zituen Munich-en, Der Blaue Reiter taldearen eskutik eta Berlinen 1913an, Sturm talde espresionistak deituta. v Fênetres et Disques circulaires sailaz (1912), Delaunay-k gai figuratiboak eta ikuspuntu espazialak utzi eta kolorea, diskoetan barneraturiko kolorea, bihurtu zuen konposizioaren osagarri nagusi, era horretan arte abstraktuari sarrera eginez. 1930era arte irudiak eta gaiak erabili zituen batzuetan (Portraits, Coureurs, 1924-1926). Arte ez figuratiboan, sail polikromoak gero eta konplexuago bihurtu zituen (Hélices, 1923; Joie de vivre, 1930; Rythmes sans fin, 1933-1934). Delaunay-ren obrak bizitasun berria eman zien horma irudiei (Décoration des pavillons des chemins de fer et de l’air, 1937).