Chopin, Frederic
Poloniar musikagilea (Zelazowa-Wola, 1810 - Paris, 1849). Oso gazterik hasi zen pianoa ikasten eta hasieratik erakutsi zituen musikarako dohain bereziak. Varsoviako Kontserbatorioan ikasten ari zela (1826-1829) ondu zituen bere lehen lanak. Hemeretzi urterekin Poloniako pianista nagusia zen. 1829an Berlinen eta Vienan eman zituen kontzertuak. Han hasieran arrakasta handia izan bazuen ere, Parisa erbesteratu behar izan zuen 1830ean. Frantzian, Heine, Liszt, Berlioz eta abarren laguntza jaso ondoren, Europako aristokraziaren piano irakasle nagusi bihurtu eta konposizio lanari ekin zion berriro; Varsovian onduriko hainbat eta hainbat lan berrikusi zituen garai hartan. Heriotza ekarri zion tisiaren lehen zantzuak agertu ondoren, Mallorca uharteko Valldemosako kartujoen komentura erretiratu zen 1838an, hamar urtez lotuko zitzaion George Sand idazlearekin. Parisen hil zen Chopin 1849ko urriaren 17an. v Chopinek pianorako idatzi zituen bere lan gehienak: baladak, scherzoak, polonesak, mazurkak eta sonatak, sarritan, Poloniako herri doinuetan inspiratuak, eta Italiako eragin garbia dutenak; orkestra eta ganbera musikarako ere egin zituen lan batzuk. Formen eta gaien aniztasunak, melodiak eta hizkuntza teknikoak eskaintzen duten batasunak eta folklorearen erabilera ugari bezain zuhurrak piano estiloaren sortzaile nagusi bihurtu zuten Chopin, Schummann-ekin eta Liszt-ekin batera. Erromantikoa eta malenkoniatsua zen; berak jakin izan zuen, inork ez bezala, giza emozio sakonenak pianoaren bitartez adierazten.