Bureba
Nafarroako erreinuko antzinako eskualdea, ondoren Gaztela Zaharreko merindade bihurtu zena. Merindade hau zortzi taldeetan banatzen zen. Eskualde hau antzina euskalduna izan bide baitzen, euskal toponimia gorde du Oka ibaiaren goi-ibilguan; ez, ordea, ordokian. Bureba lehenik Almeriatik iparraldera zetozen iberoek konkistatu zuten; ondoren, zeltek iberoak itsasaldera bultzatu zituzten, herri kantabroa sortuz. Bureba, Erdi Aroraino, autrigoien herriaren barne zegoen. Erromatarren garaian bidegurutze garrantzitsu bihurtu zen; erromatar galtzadak dira horren lekuko. Erromako inperioa gainbehera etorri zenean godoen eta frankoen artean banatu zituzten Burebako lurraldeak. Garai hartan, zalantzarik gabe, Bureba eskualdeak Euskal Herriko mendebaleko muga eratzen zuen. Mairuen etorrerarekin Bureba Euskal Herriaren eta asturiarren artean aurkitzen zen. Okako elizbarrutia arabiarrek desagerrarazi bazuten ere, asturiarren menderatze garaian berreskuratu zuten. Antso Handiarekin Bureba Euskal Herriko eskualde izatera itzuli zen (1000-1014) bai hizkuntzari dagokionez bai eta politikari dagokionez ere. Antso Handiaren seme eta ondorengoa zen Gartzea erregearen garaian Nafarroako erreinuak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Bureba eta Errioxa hartzen zituen. 1054. urtean Gaztelako Fernando eta Gartzearen arteko gudua izan zen, Atapuercako gudua izenaz ezagun dena, hain zuzen. Fernando erabat nagusitu zenez, Burebako hainbat herri Gaztelerrikoak bihurtu ziren. 1058-1062 bitartean, Antso IV.a Gartzeizen agintaldian Bureba osoa Gaztela herriaren mende geratu zen. 1074. urtean Alfontso VI.ak Donemiliaga konkistatu zuen, geroago Antso Gartzeiz errege nafarrak berreskuratu bazuen ere. Handik bi urtera Nafarroako erregea hil zuten Ramon eta Ermesenda bere anai-arrebek. Haren hilketak sorturiko nahasteaz baliatuz Euskal Herria bitan zatiturik suertatu zen: Hondarribitik Erronkarira bitartekoa aragoitarren mende geratu zen, eta Hondarribitik Mena ibarraren artekoa Gaztela Herriaren esku. Alfontso Gudularia Gaztelako errege bihurtu zenean Euskal Herriak Bureba berreskuratu zuen. Alfontso VII.ak, Alfontso Gudukaria hil zenean, Bureba inbaditu eta menderatu egin zuen berriro ere. 1160. urtean Antso Jakitunak, Gaztelako herriak pairatzen ari zen matxinadez baliatuz, Bureba berreskuratu zuen, urte batzuk geroago gudua sahiestearren Gaztela erreinuari itzuli bazion ere. Alfontso VIII.aren garaian, 1200. urtearen inguruan galdu zen behin betiko Bureba eskualdea. Burebako lehen hiriburua Pancorbo izan zen. Gaurko egunean Burgos probintziako eskualdea da, Oka ibaiak bustia. Herri nagusia Briviesca da (4.263 biztanle). Eskualdearen ekialdean Pancorbo deituriko haizpitartea dago.