Brink, André Philippus
Hegoafrikar idazlea, afrikaans hizkuntzaz eta ingelesez idazten duena (Vrede, 1935). Oso gaztetatik britainiarren nagusitasun politikoaren eta kulturalaren kontra borrokatzen zuen Ruiterwag higikundeko kide izan zen. 1958an, Brinken lehenengo eleberriaren ondoren, Sestigers (1960ko hamarraldiko idazleak) mugimenduko idazleen ordezkaritzat hartu izan zen. Idazle horiek eleberri errealistaren gaiak eta azaltzeko moduak hausten zituzten. Sorbonan ikasi zuen, eta hainbat egonaldi egin zituen Frantzian. Egonaldi horien ondorioz indartu egin ziren Brinken lanetan Sartreren existentzialismoaren eta Nouveau romanen eragina. Enbaxadorea (1963), Orgia (1965), Eguerdia (1969), Bihurria (1970), Gaueko ezaguera (1973) lanak debekatu egin zituen gobernuak, eta baita bere antzerki lan militanteak ere. Azken horretan, esate baterako, neskato ingeles baten eta beltz intelektual baten arteko maitasunezko harremana azaltzen du. 1997an itzuli zen antzerkira Jogger lanarekin. Ondorengo kontakizunek berehala izan zuten oihartzuna mundu osoan: Gauaren gogorrenera (1974), Une bat haizean (1976), Euri zurrumurruak (1978). Brinken lan guztietan apartheidaren eraginez gertatzen den kulturen eta zibilizazioen arteko borroka azaltzen da, eta gogoeta egiten du horren inguruan: Isiltasun nahasia (1982), Izurriaren harresia (1984), Setio egoerak (1988), Izu ekintza (1991), Adamastor (1993), Hondarrezko irudiak (1996), Deabruaren harana (1998). Itzulera Luxenburgoko lorategira (1996) saiakera lanean Hegoafrikako demokraziaren lehenengo bost urteen laburpena egiten du.
- Brigida, Brigitte, Birgita, Brïte
- Brignoles
- Brillat-Savarin, Anthelme
- brina
- Brindisi
- Brink, André Philippus
- brinko
- Brinkola
- brinoi
- brintza*
- printza