Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

boxeo

iz. Arerioa ukabilez jotzean datzan kirola, bien artean jokatzen dena.  v  Grezian eta Erroman ezaguna zen boxeoa; kirol moduan egiten zen batzuetan eta borroka soila izaten zen beste batzuetan. Boxeo modernoa Ingalaterran sortu zen XVIII. mende inguruan eta gaur egun boxeoa arautzen duten legeak Queensberry markesak eman zituen 1865ean. Kirol honetan, bi kirolariak aurrez aurre daudela batak besteari gerritik gora emandako ukabilkadak onartzen dira soilik. Estalki berezi batzuk erabili behar ditu boxeolariak eskuetan, 143 eta 228 gr bitarteko pisua izan behar dutenak (170 gr-koak txapelketetarako). Alde bakoitzeko 5-6 m-ko luzera duen pista karratu batean egiten da kirol hau, ring-ean; lurrean lonazko estalki bat izaten du. Saioa round izeneko 2, 6, 8, 10 edo 15 ataletan banatzen da; saio bakoitzak hiru minutu irauten du. Egun, zortzi kategoria nagusi daude eta horietan beste zenbait azpi kategoria bereizten dira. Boxeolarietako bat lurrera erori eta arbitroak hamar segundo zenbatu aurretik altxatzen ez denean amaitu ohi da borroka, baina beste zenbait arrazoi ere izan daitezke horretarako: jokoaren arauren bat hautsi duelako bietako bat kanporatzea, saio kopurua betetzea, bi boxeolarietako baten maila teknikoa eskasagoa izatea edo boxeolari batek amore ematea. Boxeolariek kalteak jasaten dituztelako, kirol bortitza delako, eztabaida ugari sortu izan da kirol honen inguruan. Zenbait herrialdetan debekatu egin da.