Bokale
(Fran. Boucau) Lapurdiko udalerria, Baionako kantonamenduan. Boucau du izen ofiziala. Mugak: ipar eta ekialdean Ternose, mendebalean Aturri ibaia eta Angelu, eta hegoaldean Baiona. Altuera 4 m. 5,76 km2. 1999ko erroldaren arabera, 7.126 biztanle (bokalesak). Auzoak: Romatet, Avenue, Lahillade eta Forges de l’Adour. Hizkuntzak, gaskoiera eta frantsesa. Angelu udalerriarekin batera Lapurdin industria gehien duen udalerria. Aturri ibaiak Bokalen isurtzen du ura Kantauri itsasora. Aturri ibaiaren ertzak erabat aldatzen dira Bokalen, Baionako portuaren atala osatuz. Aipagarria da Bokaleko Matignon izeneko gaztelua. v Historia. XII. mendeko dokumentu batean Bokale Puncta izenaz agertzen da eta XIII. mendean Punta izenaz. Bokale izena 1578. urtean bereganatu zuen. Urte honez geroztik gero eta garrantzi handiagoa izan zuen Baionako merkataritza garraioarentzat. XIX. mendean garapen ekonomiko handia izan zuen, bertan kokatu baitziren Aturriko fundizioak. Bokale Landetako Ternose udalerriaren mende egon zen 1858. urtea arte.